Itxi

Klima aldaketa

2 °C-tik gorako berotzeak bizitza eragotziko luke munduko biztanleria osoaren erdia hartzen duten lurretan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Ikerketa zientifiko baten arabera, langa hori igarota muturreko tenperatura altuak eta hezetasun maila handia egongo lirateke, eta, ondorioz, bizi baldintzak jasangaitzak izango lirateke Pakistanen, Indian, Txina ekialdean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi diren 4.000 milioi lagunentzat.

Arrantzale bat lehortutako gune batean, Amazonian (Brasil). EFE

Munduko batez besteko tenperatura bi gradu baino gehiago igoko balitz, hainbat eskualdetako baldintzak ez lirateke biziarekin bateragarri izango. Hala ohartarazi du berotzeak giza osasunean izan litzakeen ondorioak ikertu dituen azterlan zientifiko batek. Ikerketaren arabera, tenperatura langa hori gaindituz gero, Pakistanen, Indian, Txina ekialdean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan —4.000 milioi pertsona bizi dira gaur egun bertan, bestela esanda, biztanleriaren erdia— ez legoke bertan bizitzeko baldintza egokirik. 

Pennsylvaniako Unibertsitateko (AEB) hainbat departamentutako zientzialariek egin dute ikerketa, eta AEBko Zientzien Akademia Nazionalaren Proceedings aldizkarian kaleratu. Ikerlariek tenperatura globala 1,5 eta 4 gradu artean igotzeak osasunean dituen ondorioak aztertu dituzte, gizakiok jasan ditzakegun bero eta hezetasun mailak non gainditzen diren argitzeko.  

Ehunka esperimentu egin ostean, giza gorputzak jasan ditzakeen gehienezko tenperatura eta hezetasun mailak zein diren zehaztu dute (gorputzeko tenperatura 35 ºC-tik behera mantentzeko gai izateko baldintzez ari dira): 31 ºC eta % 100eko hezetasun maila, betiere pertsona gaztea eta osasuntsua izanda. Izan ere, bi baldintza horiek aldatuz gero, bizirautea zailagoa da. Hori horrela, tenperatura eta hezetasun maila horretatik gora bizia gero eta zailagoa da. 

"Bero egiten duenean, gizakiok izerdia bota eta odol gehiago ponpatzen dugu azalera gorputzeko tenperatura egonkor mantentzeko. Bero eta hezetasun maila jakin batetik aurrera, baina, gorputzak ezin ditu doikuntza horiek egin eta gorputzeko tenperatura igotzen hasten da. Bere burua freskatzeko modua arin topatzen ez badu, pertsona horrek bero kolpea edo bihotzekoa jasan dezake", azaldu du Harry Kenney Pennsyvaniako Unibertsitateko Fisiologia irakasle eta ikerketaren egileetako batek. 

Orain arte, muga horiek hainbat orduz bakarrik gainditu dira Asiako hego-ekialdean eta Ekialde Hurbilean, eta bihotzekoak, intsolazioak eta baldintza klimatikoekin lotutako osasun arazoak egon dira. 

Bada, ikerketaren arabera, tenperatura 2 gradu baino gehiago igotzen bada, munduko hainbat txokotan ezingo da bizi, muturreko tenperaturak eta hezetasun maila altua tarteko: hala nola, Pakistanen eta Indiako Indus ibaiaren haranean (2.200 milioi biztanle), Txina ekialdean (1.000 milioi biztanle) eta Saharaz hegoaldeko Afrikan (800 milioi biztanle). 

Zientzialariek ohartarazi dutenez, eskualdeotako errenta maila txikia edo ertaina da, eta, beraz, biztanleriaren gehiengoak ez du beroari aurre egiteko neurri eraginkorrik (aire girotua, esaterako). 

Agertoki makurrago batean, hots, tenperatura 3 gradu igoko balitz, egoera berdintsuan leudeke Hego Amerika eta AEBko ekialdeko kostaldea eta erdialdea

Hori horrela, tenperatura globalaren igoera 2 gradutik behera mantentzearen beharra azpimarratu dute ikerketaren egileek.