Itxi

EITB DATA

Hego Euskal Herriko herritarrak dira ostalaritzan gehien gastatzen dutenak Espainiako Estatuan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

EAEko herritarrek 1.359 euro bideratzen dituzte ostalaritzara urtean, eta nafarrek zertxobait gutxiago, 1.234. Bestalde, 15 urtetik gorako herritarrek urtean 75 litro alkohol edaten dituzte batez beste.

Hego Euskal Herriko herritarrek 1.300 euro baino gehiago gastatzen dituzte urtean taberna eta jatetxetan. Familien urteko gastuaren 10 eurotik 1 da hori. Zehatzago, EAEko herritarrek 1.359 euro bideratzen dituzte ostalaritzara urtean, eta nafarrek zertxobait gutxiago, 1.234.

Modu horretan, Estatu espainiarrean gehien gastatzen dutenak dira euskaldunak, errioxarren eta madrildarren atzetik. Rankingaren azken postuetan Kanariar  Uharteetako, Gaztela-Mantxako eta Kataluniako herritarrak daude, 706, 778 eta 825 euroko gastuarekin, hurrenez hurren.

EITB Dataren azken azterketan bildu dituzte datuok. 'Etxetik kanpo jatea eta edatea: ohiturak, osasuna, jarduera ekonomikoa …' goiburupean, EAEko eta Nafarroako herritarren kontsumo ohituren inguruko hainbat ondorio bildu dituzte.

Ikerketak dio, baita ere, Hego Euskal Herriko 15 eta 64 urte arteko herritarrek urtean 75-78 litro alkohol edaten dituztela, eta % 18k egunero kontsumitzen dutela; hamarretik zazpik alkohola edan dute azken hilabetean. Argi eta garbi, alkoholaren kontsumoa hedatuago dago gizonen artean emakumeen artean baino.

Estatu espainiarrean, batez beste, urtean 74 litro kontsumitzen dira pertsonako, eta Europan, berriz, 95. Beste datu deigarri bat ere badago: Europako hainbat herrialderekin alderatuta, arrisku maila txikiagoarekin kontsumitzen da alkohola Hego Euskal Herrian.

Halaber, azterketak jasotzen du garagardoa dela alde handiarekin Hego Euskal Herrian gehien kontsumitzen den alkoholdun edaria. Kopuru osoaren % 65, hain zuzen. Ardoa dago bigarren postuan (% 32) eta edari destilatuak (ginebra, rona, whiskya…), hirugarren lekuan (% 2,7).

Covid-19aren pandemia aurretiko eta ondorengo datuak ere alderatu dituzte, eta ondorioetako bat pandemia ondoren ostalaritzara bideratutako gastua handitu egin dela Euskadin: 2019an baino 118 euro gehiago gastatzen dira urtean pertsonako, % 9,5 gehiago, alegia. Nafarroan, berriz, gutxitu egin da gastua: 94 euro gutxiago, –% 7,1. Pandemiaren ondoren, halaber, etxerako alkoholdun edarien gastua gero eta handiagoa da, bereziki, EAEn.