Iragarpena
Udazken giroa eta tenperaturaren beherakada nabarmena asteburuan
eitb media
Larunbatean, euria egingo du, eta asko botako du goizean, isurialde atlantikoan bereziki. Haizea iparretik iritsiko da, eta tenperaturak ez du 20 ºC-ko langa gaindituko.
Asteburuan, udazken giroa itzuliko da, astebete baino gehiago eguzkia nagusitu eta 30 ºC-rainoko tenperaturak eduki ostean.
Larunbatean, giroak udazken itxura handiagoa izango du. Goizean goizetik, zerua hodeitsu egongo da eta euria egingo du, batez ere ipar partean. Zaparradak ugariagoak eta mardulagoak izango dira bertan. Ondoren, euria hegoalderantz hedatuko da, baina euria urriagoa izango da bertan. Ipar-haizea nagusituko da, eta tenperatura asko jaitsiko da; beroenak 20 ºC-ren bueltan geratuko dira.
Igandean, hodeiak izango dira, baina ez dugu euri askorik espero. Goizaldean eta arratsalde-gauean izango da hodeitza trinkoena, eta euria egiteko probabilitatea handiagoa izango da orduan. Eguneko gainerako orduetan, aldiz, ateri eutsiko dio, eta ostarte batzuk zabal daitezke. Ekialdeko haizea ibiliko da, eta tenperatura maximoak 20 ºC-ren bueltan geratuko dira berriro.
Astelehenetik aurrera, lainotuta jarraituko du, baina tenperaturak gora egingo du, eta asteak bide horretatik jarraituko du.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali argazkiak eta bideoak.