Justiziaren erabakien aurrean
Euskararen indarberritze-prozesua "lege-babes sendoarekin hornitzeko" eskatu die UEMAk erakundeei
EITB Media
UEMAk "kezkaz eta larritasunez" hartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak udal legearen inguruan emandako azken ebazpena. Euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako erabakitzat jo du.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) dei egin die lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakunde guztiei, "nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoarekin hornitzeko".
UEMAk "kezkaz eta larritasunez" hartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) udal legearen inguruan emandako azken ebazpena. Euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako erabakitzat jo du. Gainera, gogorarazi du azkenaldian gisa bereko epai batzuk iritsi direla, eta guztietan berbera izan dela norabidea. Zentzu horretan, epaiok "urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat traba" direla salatu du .
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak uztailean Udal Legeari buruz emandako epaiaren ostean, Udal Dekretuaren aurka egin du EAEko Auzitegi Nagusiak. Ohar batean, epai horiek "euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan" jartzen dutela kritikatu du UEMAk.
"Epai horiek euskararen biziberritzearen aurkakoak ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoak ere badira", azpimarratu du erakundeak. UEMAren arabera, "azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen dute auzitan".
Bestalde, gogorarazi duenez, sententzia horiek "bereziki" eragiten diete udalerri euskaldunei, horietan ari baitira hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien.
Horregatik guztiagatik, UEMAk bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatutako manifestazioarekin, "euskararen aurkako oldarraldia eten egin behar delako".