Itxi

Ikerketa eta ondorioak

2022ko Euskaraldian parte hartu zutenen bi herenek hizkuntza ohiturak aldatu dituzte

EITB Media

Leer en Castellano

2022ko ariketan 158.440 lagunek eman zuten izena. Horien % 77,6k ahobizi rola hautatu zuten, eta % 22,4k, berriz, belarriprest rola. Aurreko edizioekin alderatuta, % 11,1eko jaitsiera erakutsi dute datuek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen esanetan, "ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu zela sentitzen genuen, eta hala baieztatu digu ikerketak". Izan ere, Euskaraldia ezaguna da gizartean, rolak hizkuntza jokaerekin lotzen dira (%60,2k lotzen ditu rola eta jokaera; hala ere, badira, oraindik, gaitasunarekin lotzen dutenak), eta ariguneen funtzionamendua ondo ulertu da, orohar. Horrek dakar, besteak beste, parte-hartzaileengan Euskaraldiak duen eragina areagotzea urtetik urtera: 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen azken Euskaraldia, ariketaren hirugarren edizioa. Ondorioak aurkezteko bildu dira gaur Bilbon Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak – Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea, Javier Arakama Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea- eta azterketaren eragileak diren Siadeco ikerketa kooperatibako Jon Arrugaeta eta Unai Oiartzun teknikariak.

Arrugaetak eta Oiartzunek ikerketaren inguruko hainbat datu agertu dituzte prentsaurrean. Euskaraldian izena eman zuten norbanakoei erreparatuta, 2022ko ariketan 158.440 lagunek eman zuten izena –estrainakoz edo berrespen bidez-. Horietatik % 77,6k ahobizi rola hautatu zuten, eta % 22,4k, berriz, belarriprest rola. Aurreko edizioekin alderatuta, % 11,1eko jaitsiera erakusten dute datu horiek.

Gazteen izen-emateak egin du bereziki behera, eta gizonezkoen izen-ematea ere jaitsi da. Adinaren arabera, eta unibertso potentziala kontutan hartuta, 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan du arrakasta handiena 2022ko Euskaraldiak -% 34,4 dira adin tarte horretakoak-. Lurraldeari dagokionez, Gipuzkoan izan du hedadura zabalena.

2022ko Euskaraldiko parte-hartzaile gehienek (% 81,9) aurreko edizioko rol bera hautatu dute. Rola aldatu dutenen artean, ahobizi roletik belarriprest rolera egin dute gehienak –izena eman dutenen (% 6).

Entitateei erreparatuta, 8.610 izan dira, Euskal Herri osoan, 2022ko edizioan izena eman duten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak. Horrek esan nahi du, 2020arekin alderatuta, entitateen izen-emateak %3,6 egin duela gora (301 entitate gehiago). Euskaraldiak entitate horietan izan duen eraginari dagokionez, harremanak euskaraz edo euskaraz gehiago diren entitateen ehunekoa 6 eta 13 puntu bitarte igo da. Euskaraldiaren ondoren ere, datuak ariketaren aurretik baino altuago mantentzen dira (4 eta 7 puntu bitarteko igoerarekin).

Miren Dobaran sailburuordeak azaldu duenez, "Euskaraldia eraginkorra da, eta hala erakusten dute datuek". "Euskaraldia, beraz, tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko", ondorioztatu du.

Dobaranen ustez, ariketaren eraginaren "erakusle argia" da elkarrizketa elebidunak izateko orduan parte-hartzaileek egin duten aurrerapausoa; hala, % 44,7tik %76,5era igo da bi hizkuntzetan garatzen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen portzentajea.

Javier Arakama Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekimen masibo honen garrantzia aipatu du, izan ere, aurretik aipatutako datuek izen-ematean jaitsiera erakusten badute ere, edizio guztietan 150.000 izen ematetik gora egon dira, eta "hori asko da".

Bideoak (1)