DENBORALEA
Neurri bereziak Donostian eta Getxon, haize eta olatu denboraleari aurre egiteko
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du ostiral honetan EAEn, 110-120 km/h-ko haize-boladak espero direlako haizeak gogor jotzen duen lekuetan, bereziki kostaldean. Nafarroako ipar-ekialdea abisu horipean egongo da, 10:00etatik 18:00etara.
Gaurko iragarrita dagoen haize eta olatu denboralea dela eta, neurri bereziak hartu dituzte Donostiako eta Getxoko Udalek.
Eguerdian abisu horitik alerta laranjara pasatzea erabaki du Babes Zibilak, olatuen aurrean, eta, hortaz, Donostiako Udalak iragarri du ordu horretan itxi egingo direla Haizearen Orrazirako, Paseo Berrirako eta Zurriolako kai-muturrerako oinezkoentzako sarbideak.
Donostian bertan, gainera, gauerditik itxita dago Pasealeku Berria autoentzat; oinezkoentzat zabalik da, eguerdira arte. Egun osoz itxita egongo dira, halaber, Kristina Enea, Serafin Baroja eta Oroimenaren parkeak ere. Aiete, Urgull eta Miramar parkeetan itxiera partzialak egongo direla iragarri du Udalak.
Aieten, Topalekura eta Kultur Etxera doazen sarbideak irekita egongo dira; Urgull parkea, berriz, guztiz itxita egongo da Orixe Ikastolarako sarbidea izan ezik; eta Miramar parkean Loretopea eta Mirakontxa lotzen dituen bidea bakarrik egongo da zabalik. Era berean, Santa Klara uhartera joateko garraio eta bisita zerbitzuak eten egingo dira. Neurri hauek egun osoan egongo dira indarrean.
Getxon, Udalak prebentzio-neurriak hartu ditu, garabi, dorre instalatu eta aldamioei dagokienez, eta alertaren egoeraren berri ematen ari zaie arduradunei. Ostalaritzakoei ere SMS mezuak bidali zaizkie neurriak hartzea eskatzeko. Halaber, aurreikusita dago eguraldi txarrak Ereagako igogailuaren funtzionamenduan eragina izatea eta segurtasun arrazoiengatik etenaldiak egon ahal izatea. Horrez gain, hondakinen edukiontziei eusteko sistemak ere instalatuko dira haizeguneetako ohiko lekuetan, Udalak jakitera eman duenez.
Udalak berak hartutako neurriez gain, ordea, hainbat eskaera eta gomendio egin dizkie Udalak udalerriko biztanleei.
Hala, ateak, leihoak eta toldoak itxi edo bildu beharra azpimarratu dute Udaletik, eta balkoi edo leihoetatik loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak kentzeko eskatu.
Halaber, mendira ez joateko eskatu du, bai eta erlaitz, murru, zuhaitz edo publizitate-hesietatik urruntzeko ere. Era berean, eraikitzen ari diren edo kolokan dauden eraikinen inguruetan kontuz ibiltzeko eskatu dute eta, aldamio, garabi eta obrako beste elementu guztiak tinkatzeko.
Horrez gain, hondartzatik eta mareak eta olatuek gogor jo dezaketen lekuetatik urruntzeko eskatu du Udalak, eta, itsasontziak ondo lotzeaz gain, uretako kirolik "inola ere ez" egiteko eskatu du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du ostiral honetan Euskadin, 110-120 km/h-ko haize-boladak espero direlako haizeak gogor jotzen duen lekuetan, bereziki kostaldean. Nafarroako ipar-ekialdea abisu horipean egongo da, 10:00etatik 18:00etara.