Itxi

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Indarkeria matxistaren biktima den desagertutako emakumearen kasuan protokoloa bete zela ziurtatu du Aldundiak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gipuzkoako ahaldun nagusiak emandako informazioaren arabera, emakumea semearekin bizi zen zentroko protokoloek behar bezala funtzionatu zuten eta biak aurkitzea da orain lehentasuna.

Eider Mendoza Radio Euskadin

Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko zentro batetik hamar hilabeteko semearekin alde egin zuen emakume baten bila jarraitzen dute. Horrekin lotuta, Eider Mendoza ahaldun nagusiaren hitzetan, protokolo guztiek "ongi" funtzionatu dute, baina biak aurkitzea da orain lehentasuna.

Larunbatetik falta dira, eta atzo Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, muga igaro zuten Iparralderako noranzkoan.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan Mendozak nabarmendu duenez, emakumea ez zegoen kartzela batean, eta modu autonomoan bizi zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko pisu batean. Gaineratu duenez, protokoloak jasotzen duen bezala, zentroak Ertzaintzari deitu zion emakumea kalera zihoala jakinarazteko.

Halaber, Mendozak azaldu du emakumeak "espresuki" uko egin ziola eskolta eramateari, baina ez du baloraziorik egin nahi izan emakumea berriro biktima ez bilakatzeko. Nolanahi ere, horren esanetan, emakumearen bikotekide ohiak ez zuen bete epaitegiak agindutako urruntze agindua.

Bestalde, "lehentasuna" emakumea eta haurra aurkitzea dela adierazi du, eta gero abian dagoen "ikerketa" egiteko garaia izango dela erantsi du.

Aurrekontuei lotuta ahaldun nagusiak iragarri duenez, Foru Gobernuak datorren asteartean aurkeztuko du 2024ko Aurrekontuen proiektua Batzar Nagusietan. Negoziazioen harian, talde guztiekin akordioak lortzen saiatuko dela esan du, inor baztertu gabe.