Aparkalekua
Bilboko Udalak TAO berriaren ezarpena atzeratu du, "sistema informatikoan desdoikuntzak" daudelako
EITB Media
TAO araudi berria astelehenetik (urriak 30) aurrera aplikatzeko asmoa zuen Bilboko Udalak. Udalak data berriaren berri emango du, "sistema osoak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzen denean".
Bilboko Udalak TAO berriaren ezarpena atzeratzea erabaki du, "sistema informatikoan desorekak" antzeman dituelako. TAO araudi berria astelehenetik (urriak 30) aurrera aplikatzeko asmoa zuen Bilboko Udalak.
Udalak ohar batean azaldu duenez, araudi berriaren sistema eragilea aplikatzeko prestaketetan "azken orduko desoreka teknikoak" antzeman dituzte, eta, ondorioz, atzeratu egin beharko dute, "beharrezko aldaketak egiteko".
Zehaztu duenez, "ezinbestekoa da sistemak behar bezala funtzionatzea TAO zerbitzuaren erabiltzaileei berme osoa eskaintzeko, zerbitzua hobetzea helburu duten neurri berriak sartuta".
Gorabehera hori konpontzeko lanak "ahalik eta azkarren" egingo direla adierazi du Udalak, eta martxan jartzeko data berriaren berri emango du, "sistema osoak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzen denean".
Udalak adierazi duenez, egoera horrek ez du ondoriorik izango erabiltzaileentzat, TAO zerbitzua orain arte bezala egongo baita martxan.
Gabezia teknikoak konponduta, Udalak adierazi duenez, TAO araudi berriaren helburua "Hiribilduan aparkatzea hobetzea" izango da, baita "hiriko hainbat gunetan bide publikoan aparkatzeko eskaintzaren eta eskaeraren arteko oreka lortzea ere".
Berritasunak
Berritasun gisa, eguerdietan ere ordaindu beharko da erdigunean aparkatzeko. Orain arte, bisitariek ez zuten eguerdian ordaintzen.
Isunen inguruan ere badira berritasunak. Batetik, 100 eurorainokoak izango dira, eta, bestetik, autoetan utzi beharrean, etxera bidaliko dituzte.
Gaur egun, aparkatzeko espazioa 16 gunetan banatuta dago. Ordenantza berriarekin, egoiliarren bereizgarriak esleitzeko, espazioa koadrantetan banatuko da eta koadrante bakoitzari eremu bat egokitu zaio. Koadranteko bizilagunek eremu horretan aparkatu ahal izango dute.
TAO indarrean egongo den eremuak bi zona handitan sailkatuko dira: bizitegi eremua eta eremu intentsiboa (Abando eta Indautxu).
Eremu intentsiboan, bisitariek gehienez hiru orduz aparkatu ahalko dute eta ordutegia ondorengoa izango da: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara.
Bizitegi eremuan, ostera, TAO ordaindu beharko da astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara. Larunbatetan ez da TAOrik egongo. Gehienez bost orduz aparkatu ahalko da sektore berdean eta hiru orduz, berriz, urdinean.
TAO zerbitzua Bilbon
Nora Abete Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak bere garaian adierazi zuenez, aldaketa horien guztien helburua txandakatzeak edo errotazioak sustatzea da.
Zalantzak argitzeko bi bide nagusi izango ditu Udalak: batetik, Bilboko Udalaren webgunea, eta, bestetik, 647 30 18 75 telefonoa.