Itxi

11. misioa

Aita Marik 112 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan egindako bi operaziotan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Denak "onik" daude, baina "neke eta hipotermia zantzuekin". EAEko ontzia Reggio di Calabriara bidean da orain, eta bihar eguerdian iritsiko dela espero da.

Pertsona migratzaileak, erreskatearen unean. Argazkia: David Aparicio (@maydayterraneo)

Aita Marik, Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) gobernuz kanpoko erakundearen ontziak, 112 pertsona erreskatatu ditu azken orduetan Mediterraneoan egindako bi operaziotan. Egurrezko bi ontzitan noraezean aurkitu dituzte 112 lagunak, tartean 19 adingabe

SMHk ohar batean adierazi duenez, gainezka zegoen egurrezko ontzi bat ikusi dute aurrena, eta zeramatzan 55 pertsonei lagundu diete. Gehienak siriarrak dira, baina badira Egiptotik, Iraketik eta Sudanetik irtendakoak ere. Gerora, bigarren patera bat begiztatu dute, eta 57 pertsona erreskatatu. Egiptoarrak, bangladeshtarrak, siriarrak, libiarrak, pakistandarrak eta palestinarrak daude erreskatatutakoen artean. 

Denak "onik" daude, baina "neke eta hipotermia zantzuekin", Aita Marin egin dieten lehen osasun azterketaren arabera. Dena dela, aurki beste esplorazio sakonago bat egingo diete. 

Euskal erreskate ontzia Reggio di Calabria bidean da orain, hara joateko agindua eman baitiete Italiako agintariek. Aurreikuspenen arabera, bihar eguerdian iritsiko da portura. 

Erreskate operaziook larunbat arratsaldean eta gaur goizaldean egin ditu Aita Marik, Malta, Italia eta Espainiako agintariak horren jakitun zirela. 

"SMH erakundekook jakin badakigu jarrera pribilegiatua dugula gizartearen baitan aldaketa eragiteko, eta Europara heltzeko saiakeran pertsona horiek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketen lekuko gara, lehen pertsonan, gainera".


Horren aurrean, Europako agintariei egin diete deia "salbamendurako dispositibo bat mantentzeko ardura" har dezaten, "jendea giza eskubideak urratzen diren herrialdeetan geratzeko euste programak diru publikoz finantzatu barik".

Halaber, Gazako egoera salatzeko baliatu du oharra gobernuz kanpoko erakundeak. Bonbardaketak amaitzeko, bahitutakoak askatzeko eta zibilak Zerrendatik ateratzeko bide humanitarioak zabaltzeko eskatu du, besteak beste. 

"Uste dugu Palestinako eta Libanoko herritarrek Mediterraneo itsasoko ur hilgarrietan sartzera behartuta ikusiko dituztela euren buruak, datozen aste eta hilabetotan, sarraskitik ihesi", nabarmendu dute.