Itxi

Denboralea

Larunbatera arte luzatu dute alerta laranja haizeagatik, beste depresio baten ondorioz

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ciaran depresioaren azken astinduen ondorioz, gaur alerta laranjan izango da euskal kostaldea, sei metroko olatuengatik. Ostiralean, aldiz, haize bolada gogorrengatik egongo da aktibo alerta laranja. Larunbat goizean, 120 km/h-ko boladak espero dira, eta, kostaldean, itsaso zakarra.

Getxon haizeak bart botatako arbola bat. Argazkia: EFE

Atzotik Euskal Herria astintzen ari den haize eta olatu denboraleak bazterrak nahasten jarraituko du, gutxienez, larunbata arte. Izan ere, beste depresio baten eraginpean egongo gara asteburuaren hasieran, eta beste alerta laranja bat ezarriko dute etzi, horrek eragingo dituen haize bolada gogorrengatik (120 km/h-tik gora). Halaber, abisu horia ere aktibatuko dute, itsasaldeko arriskuagatik. 

Goizaldea haizetsua izan da oso, eta bolada zakarrek gorabeherak eragin dituzte errepide eta kaleetan, baita Bilboko Aireportuan ere. Eguerditik, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldea abisupean daude, gune haizetsuetan 100 km/h-ko ufadak egon daitezkeela eta (mendi inguruetan, 70-100 km/h-koak espero dira). 21:00etatik aurrera, abisua EAE osoan egongo da indarrean. 

Nafarroan ere haize ufada gogorrak daude atzotik (Pirinioetan izan ezik), eta abisu horia dago ezarrita ostegun honetarako, 80 km/h-ko haize boladak espero direlako hainbat lekutan. Bestalde, Pirinioetan eta Bidasoa inguruan, euriteengatik daude ezarrita abisuak; metro karratuko 40 litro pilatzea espero da, 12 orduan. Ipar Euskal Herrian berriz, hainbat abisu hori egongo dira indarrean bihar arte, haizeagatik eta ekaitzengatik.

Gauerditik aurrera (ostirala), egoera okertu egingo da ia leku guztietan, eta alerta laranja ezarriko dute. Orduko 120 kilometrorainoko haize boladak espero dira, bereziki mendebaldeko toki menditsuetan.

Bihar goizean egoera lasaitu egingo da, eta abisu horia ezarriko dute atzera berriz (06:00etatik 15:00etara). Haizea indarra galtzen hasiko da: kostaldean orduko 100 kilometroko ufadak espero dira, eta mendialdean 70-100 km/h-koak.

Modu horretan, atzotik bazterrak astintzen ari den Ciaran ekaitza Euskal Herritik aldetzen joango da. Dena dela, larunbaterako beste denborale bat dago aurreikusita, eta haizeagatik ezarritako alerta laranja ordura arte egongo da indarrean (12:00ak arte). Eguerditik aurrera, haizea indarra galtzen hasiko da, eta alerta abisu horira jaitsiko da.

Kostaldean ere, alerta laranja

Mendialdean ez ezik, kostaldean ere gogor jo du Ciaran ekaitzak. Gaur 10:00etatik, alerta laranja dago ezarrita olatuengatik (5-6 metrorainokoak espero dira). Gauean, baretu egingo da itsasoa, eta bihar goizean berriro zakartu. Beraz, biharko 21:00ak arte egongo da indarrean alerta.

Lapurdiko kostalde osoa ere alerta laranjan egongo da gaurko 18:00etatik biharko 11:00ak arte, olatuengatik.

Itsasertzeko pasealeku eta malekoietan ere neurriak hartzen ari dira, bereziki itsasgoran urak toki horiek har ditzakeelako.

Larunbatean hasiko da egoera bere onera etortzen (3-4 metroko olatuak), eta kostaldean ere, alarma abisu horira jaitsiko da nabigaziorako.

Ekaitzaren lehenengo egunak utzitakoak

Ciaran denboraleak 160,5 km/h-ko haize-boladak utzi ditu Euskadin eta, horren ondorioz, ia 400 esku-hartze eragin ditu lurraldean, adarrak eta hiri altzariak erori eta mugitu direlako. Ezbehar horietako bat ere ez da larria izan.

Halaber, haize bortitzek aire-trafikoan ere izan dute eragina, 14 hegaldi desbideratu eta beste 18 bertan behera utzi baitituzte Bilboko aireportuan; Donostian, berriz, lau hegaldi kantzelatu dituzte, AENAk jakinarazi duenez.

Bizkaiko aireportuko arazoak bart hasi ziren, 14 hegazkin desbideratu baitzituzten eta beste 5 hegaldi bertan behera utzi. Horren ondorioz, gaur hegazkin-konpainiek euren programak berrantolatu behar izan dituzte, hegazkinak ez zeudelako aurreikusita zegoen lekuan.

Horren ondorioz, gaur goizean beste 13 hegaldi bertan behera geratu dira, baina, AENAren arabera, egoera lehengoratzen ari da, eta programatutako hegaldi guztiak lurreratu dira Loiun; airelineak euren operazioak berrantolatzen ari dira.

Trenbideko zirkulazion ere izan dira kalteak, adarrak eta bestelakoak trenbidera erori direlako. Hori da Renferen Irun-Brinkola aldirietako linearen (Gipuzkoa) kasua; izan ere, zuhaitz bat katenariaren gainera erori da, eta, ondorioz, trenak ordu batzuetan ibili dira trenbide bakarrean Hernani eta Donostia artean.

Bizkaian, goizeko lehen orduetatik, Bilbo-Balmaseda linearen zirkulazioa etenda dago Arangurengo geralekuaren eta Soduperen artean, autobus bidezko garraio alternatiboarekin. Trenbide estuko linea horretan bertan zerbitzurik gabe daude Bilbo-Santander eta Bilbo-Leon distantzia ertaineko trenak.

Argaren igoera nabarmena, Iruñean

Azken orduotako euriteen ondorioz, Arga ibaiak gora egin du Iruñean, eta, horren ondorioz, gaur eguerditik itxi dute Caparroso bidea eta Caparroso hondartza lotzen dituzten pasabideen zubia.

Hala jakinarazi du Iruñeko Udaltzaingoak, eta prezipitazio handiak eragin ditzakeen euri eta haize denboraleagatik kontuz ibiltzeko deia egin du.

Errege Kopako Segoviana-Sestao partidua, bertan behera

Ekaitzak utzi digun beste gorabehera bat kirol mundutik dator; izan ere, haize bortitzak Gimnastica Segovianaren eta Sestao Riverren arteko Errege Kopako lehen txandako partida bertan behera uztera behartu ditu antolatzaileak, oraingoz datarik gabe; aurreikusita zegoen ostegun honetan jokatzea, 19:00etatik aurrera, La Albuera udal estadioan.

Neska gazte bat hil da Madrilen, zuhaitz bat gainera erorita

Neska gazte bat hil da gaur eguerdian Madrilgo Chamberi auzoko kale batetik paseatzen ari zela zuhaitz bat gainera erorita, Espainiako hiriburuko Larrialdietako bozeramaile batek jakitera eman duenez.

Gertakariak ostegun honetako 13:00ak aldera jazo dira, tamaina handiko arbola bat behera etorri denean, seguru aski goizaldetik inguruan jo duen haize zakarraren ondorioz.