Ikerketa
Europako lehen gerra handia duela 5.000 urte izan zen, Guardian
Agentziak | EITB Media
"Scientific Reports" aldizkarian kaleratutako azterlan batek egiaztatu du uste zen baino 1.000 urte lehenago izan zela aurreneko gatazka handi hori. Arabako Errioxako aztarnategi batean aurkitutako hezurdurak aztertuta atera dute ondorioa. Aranzadiko hainbat kidek parte hartu dute ikerketan.
Europako lehen gatazka handia Guardian (Araba) izan zen duela 5.000 urte, Neolito garaian, Scientific Reports aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Hala, uste zen baino 1.000 urte lehenago izan zen aurreneko gatazka handi hori —dokumentatuta zegoen zaharrena Alemanian gertatu zen, Brontze Aroan (duela 4.000-2.800 urte)—.
Teresa Fernandez-Crespo Valladolideko Unibertsitateko Historiaurreko Departamentuko irakasleak zuzendutako azterlanak Arabako Errioxako San Juan Portam Latinam aztarnategian topatu zituzten 338 giza hezurdura aztertu ditu. Ikerketan, Europako zenbait unibertsitatetako adituek eta euskal zientzialariek hartu dute parte, hala nola Paco Etxeberria forentseak, Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoak eta Javier Ordoño eta Jose I. Vegas arkeologoek.
Hezurdurak 1980ko eta 1990eko hamarkadetan topatu zituzten, eta gaur egun Arabako Arkeologia Museoan (Gasteiz) dituzte. Gizonezkoenak dira nagusi (nerabeak eta helduak), eta gehienek indarkeria zantzuak dituzte: geziek eragindako zauriak eta garezurreko traumatismoak, besteak beste.
Hain zuzen ere, Europan, historiaurreko ezein eremutan ez dute Arabako aztarnategiko gorpuetan baino gezi-zauri gehiago zenbatu, Teresa Fernandez-Crespo ikerketaren buruak EFE albiste agentziari egindako adierazpenetan azaldu duenez. Aztarnategian eta horren inguruan, silexez egindako 52 gezi-punta topatu zituzten, eta horietatik 36tan talka edo inpaktu arrastoak atzeman.
Horrez gain, gorpuen % 70ek orbaindutako zauriak zituzten, eta beste % 10ek hiltzean sendatu gabeak. Ebidentzia horiek guztiak kontuan hartuta, ikerlariek ondorioztatu dute "eskala handiko gatazka bat" egon zela, "luzea" izan zena, gainera, "gutxienez hainbat hilabetekoa". Gerra "antolatua" eta "batez ere gizonek egindakoa" izan zen, azterlanaren arabera.
Neolitoko lehen gerra handia
Orain arte, ikerlariek uste zuten Neolitoan egun gutxiko borrokak izan zirela, talde txikien artekoak (20-30 pertsona, umeak eta emakumeak tartean). Uste zabaldua zen garai hartako gizakiek ez zutela gerra luze eta handiak egiteko ahalmen logistikorik.
Hala, Europako lehen gerra handia Brontze Aroan zegoen kokatuta. Tollense hirian (Alemania) gertatu zen, eta 4.000 bat borrokalari izan omen ziren. Ikerketa honek, bada, aurretik ere, 1.000 urte lehenago, ezaugarri antzekoak izan zituen beste gatazka bat egon zela frogatu du.
Ikerketaren arabera, Guardiako guduan ehunka pertsonak parte hartu zuten, eta gatazkak "eragin zuzena izan zuen herritarren bizi kalitatean, gaixotasunak eta gosea eraginda", adierazi du Fernandez-Crespok.
Ikerlari horren teoria da Arabako Errioxako eremu horretan jende asko bizi zela, eta gizartearen konplexutasun sozioekonomikoa handia zela. Baliabideak lortzeko borrokak gerra eragin zuen, Fernandez-Cresporen ustez.
"Ikerlan honetan ondorioztatu dugu Neolitoko gerra uste genuen baino sofistikatuago, antolatuago eta herritarrentzat kaltegarriagoa" izan zela, nabarmendu du Fernando-Crespok.