Indarkeria matxista
Ertzaintzak zaintza areagotuko du tratu txarrak jasandako emakumeek babes neurriei uko egiten dietenean
E.G. | EITB MEDIA
Josu Erkoreka sailburuak aldaketa iragarri du indarkeria matxistaren biktimak babesteko protokoloan. Batetik, kontrazaintza handituko dute, eta, bestetik, erasotzailea kontrolpean izateko neurriren bat jartzea posible ote den aztertuko dute. Gaur-gaurkoz 5.588 emakume babesten ari da Ertzaintza.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak indarkeria matxistaren biktimak babesteko protokoloa aldatu du, eta, aurrerantzean, Ertzaintzak zaintza areagotuko du emakumeek babes neurriei uko egiten dietenean. Izan ere, uste dute emakumeak babes neurri bereziak errefusatzea erasotzailearekin duen mendekotasunaren erakusle dela, eta, ondorioz, biktimak duen arriskua handiagoa dela horrelakoetan.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak iragarri du aldaketa, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, PPk eta Voxek egindako bi galderari erantzunda. Aurrena, Laura Garrido popularrak eta, gerora, Amaia Martinez Voxeko kideak joan den astean Gipuzkoako indarkeria matxistaren biktima batekin gertatutakoaren inguruan itaundu diote sailburuari. Gogora ekarri dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean zegoen emakume bat tutoretzapeko egoitzatik atera zen bere erasotzailearekin eta 10 hilabeteko haurtxoarekin batera. Ertzaintza euren bila ari da, baina jada muga zeharkatu dutela egiaztatu du.
Garridok eta Martinezek salatu dute Gipuzkoako kasu hau Maialen Mazonen hilketa gertatu eta sei hilabetera jazo dela. Bikotekide ohiak hil zuen ustez 32 urteko emakumea, Gasteizen, haren kontrako urruntze agindua indarrean zegoela. PPko legebiltzarkidearen aburuz, indarkeria matxistaren biktimak babesteko protokoloak eguneratu egin behar dira "hutsuneak saiheste aldera". Gogorrago mintzatu da Martinez, eta esan du Segurtasun Sailak "erantzukizuna bere egin" behar duela, "akats larria" izan baita bi kasuetan.
"Erasotzaileekiko menpekotasun handia"
Biei emandako erantzunean, Erkorekak zehaztu du Gipuzkoako kasuan Ertzaintzak "berehala eta ofizioz" zabaldu zuela ikerketa, eta oraindik ere gertatutakoa aztertzen ari direla. Sailburuak ez du ikerketaren emaitzen inguruko xehetasunik eman nahi izan, baina, aurreratu duenez, bi kasuetan "emakumeek ez zuten Poliziarekin kolaboratu nahi".
Erkorekak azaldu duenez, biktima batek bere erasotzailearengandik babesteko neurriak (urruntze aginduak, adibidez) errefusatzen dituenean, harekiko mendekotasunak egon daitezke tartean: emozionalak, ekonomikoak, seme-alabak... Mendekotasun hori biktimarentzat arrisku faktore bat izan daitekeela ulertuta, zaintza areagotuko du Ertzaintzak.
Bi arlotan lan egingo dute agenteek, Erkorekaren esanetan. Batetik, kontrazaintza lanak areagotuko dituzte. Bestetik, erasotzaile matxistei kontrol telematikorako eskumuturrekoa jartzeko aukera dagoen aztertuko dute. Dena dela, azken horren harira, sailburuak aitortu du "konplexutasun juridiko handia" duela eta sakon aztertu behar dutela aukera hori.
5.588 emakume zaintzapean
Protokolo aldaketaren berri emateaz gain, azarora arteko indarkeria matxistaren datuak eman ditu Erkorekak. Zehaztu duenez, gaur-gaurkoz 5.588 emakume babesten ari da Ertzaintza (ekainean 5.107 ziren, lau hilabeteko epean % 10 hazi da, beraz), 2.712, Bizkaian; 2.019, Gipuzkoan; eta 857, Araban. 10etik 7k oinarrizko babesa dute, eta % 20k "moderatua". 297 kasu larriak dira, hau da, arrisku handiko edo bereziko kasu gisa erregistratuta daude eta intentsitate handiko babes-neurriak dituzte.
42 emakumek dute bizkartzain pertsonala, 229k poliziaren kontratzaintza eta 224k baliabide telematikoak darabiltzate.
Oso kasu bakanetan ezartzen zaizkie kontrol-neurriak gizon matxistei; hala, 92 gizasemek bakarrik dute kontrol telematikorako eskumuturrekoa (36, Bizkaian; 19, Araban; eta 37, Gipuzkoan).