Itxi

Denboralea

Haize- eta olatu-arriskuaren aurreko abisuak igandera arte luzatuko dira

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Abisu laranjak eta horiak indarrean egongo dira asteburuan, batez ere kostaldean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Autonomia Erkidegoa astintzen ari den haize- eta olatu-denboraleak hainbat abisu meteorologikoren pean mantenduko du lurraldea asteburu osoan; izan ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baldintza meteorologikoen aurreko abisuak eguneratu ditu, eta abisu berriak ezarri ditu olatu- eta haize- arriskuagatik. 

Gaur, ostirala, gauerdian alerta laranja ezarri dute itsasaldean nabigazio-arriskuagatik lehen bi milietan, eta 21:00ak arte egongo da indarrean. Tarte horretan, olatuek 6 metroko altuera harrapa dezakete, eta 5 metrokoa arratsaldean; mendebaldeko haizeak 7ko indarrez joko du, tarteka 8koaz, batez ere egunaren lehen partean. 21:00etatik aurrera eta gauerdira arte, alerta laranja abisu hori izatera pasako da, 4-5 metroko olatuak eta 5-6 indarreko mendebaldeko haizea direla eta.

Gainera, gauerditik 21:00ak arte, abisu horia izango da kostan, olatuen ezaugarrien eta mendebaldeko haize zakarraren ondorioz pasealeku eta malekoietan zipriztin eta olatu-zaparrak erori baitaitezke, bereziki itsasgora garaian (20:21ean). 

Haizeak protagonista izaten jarraitzen du, eta, horregatik, Euskalmetek abisu horia ezarri du haizeagatik kostaldean, 06:00etatik 18:00etara (hiru ordu luzatu da). Mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete kostaldean. Bestalde, mendi inguruetan haize-boladak 70-100 km/h-koak izan daitezke. Haizeguneak ez diren lekuetan, haize-boladak 70-80 km/h-koak izan daitezke, batez ere kostaldetik gertu.

Haizeak gogor jo du bart Euskal Herriko hainbat tokitan, eta 149 km7h-ko ufadak izan dira Matxitxakon, 111 km/h-koak Oizen eta 105,5 km/h-koak Untzuetan (Orozko).

Larunbatean, abisu horia egongo da indarrean itsasaldeko arriskuagatik, goizaldean 4 metro inguruko olatuak izango baitira; 3-3,5 m-ra jaitsiko dira goizean, eta gauean berriro igo, 4-5 metrora arte. 

Haizeak zeresana ematen jarraituko du, eta Euskalmetek hainbat abisu iragarri ditu. Egun osoan, abisu horia egongo da indarrean haizeguneetan, 100 km/h-ko abiadura gaindituko duten boladengatik. Abisu hori alerta laranja bihurtuko da 06:00etatik 12:00etara, hego-mendebaldeko haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezaketelako, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan.

Haizeguneak ez diren lekuetan ere abisu horiak aktibatuko dira haizeagatik, hego-mendebaldeko haize-boladak 80-90 km/h ingurukoak izan baitaitezke.

Igandean ere haizeak gogor joko du goizean, eta gauerditik 06:00ak arte  abisuak egongo dira indarrean. Haizeguneetan, boladak 100 km/h-koak izan daitezke, eta 80 km/h-tik gorakoak haizeguneak ez diren lekuetan.

Igandean, ordea, itsasoa izango da arreta-gune. 00:00etatik 15:00etara, nabigaziorako alerta laranja egongo da indarrean itsasaldeko arriskuagatik. Tarte horretan, olatuek 5 metroko altuerara irits daitezke goizaldean, baita 6 metrora ere goizean zehar. Mendebaldeko haizeak 6ko indarrez joko du, eta itsaso zakarra eragingo du. Egunaren erdialdeko orduetan indarra galdu, eta 4-5eko indarrarekin ibiliko da; itsaskia edo itsaski handia eragingo ditu. 

Albisteak (1)

Bideoak (2)