Eskola Kirola
Aire librean eskola kiroleko hainbat jarduera bertan behera asteburuan Bizkaian eta Gipuzkoan, denboraleagatik
EITB Media
Haize- eta olatu-denboralea dela eta, mendi-irteerak eta uretako edo hondartzako jarduerak bertan behera utzi dituzte bi lurraldeetako aldundiek.
Asteburu honetarako iragarrita dauden abisu meterologikoak ikusirik, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek eskola kiroleko hainbat jarduera bertan behera uztea erabaki dute.
Gipuzkoan, Aldundiko Kirol zuzendari Marta Pastorrek iragarri duenez, larunbatean 06:00ak eta 12:00ak bitartean egitekoak ziren mendi-irteerak bertan behera gelditu dira. Halaber, uretan edo hondartzan egiten diren jarduerak, hala nola arrauna, piraguismoa, surfa, arrantza, hondartzako futbola, hondartzako boleya, triatloia eta bela, asteburu osorako utzi dituzte bertan behera.
Bizkaiko Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu azaroaren 4rako (larunbata) kanpoan egiten diren Eskola Kirolaren Programako jarduera guztiak (hastapen- eta jolas-lehiaketak eta jarduerak). Azaroaren 5ean, igandean, bertan behera geratuko dira honako hauek: arrauna, piraguismoa, surfa, arrantza, hondartzako boleya, triatloia eta bela.
Bizkaiko Foru Aldundiak erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik aldentzeko gomendatu du, eta eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen inguruetan tentuz ibiltzeko. Bidaiatu behar izatekotan, errepidez egin beharreko joan-etorriak saihesteko, eta, nolanahi ere, kontu handiz ibiltzeko gomendatu du Aldundiak. Era berean, itsas eremuetan, hondartzatik eta haize bortitzen intentsitatearen ondorioz sor daitezkeen marea eta olatuen kalteak izan ditzaketen lekuetatik aldentzeko ere gomendatu du.