Eskola-jantokiak
Gabeziak daude Gipuzkoako eskola publikoetako jantokietan, Facuak salatu duenez
Agentziak | EITB Media
EHIGE konfederazioak eskola-jantokien kontrol eta jarraipen kanpaina bat hasi du, enpresa esleipendunek kontratuetan ezarritako baldintzak bete ditzaten eta eskola-elikadura "osasungarriagoa, justuagoa eta iraunkorragoa" lor dezaten bermatzeko.
Facua-Consumidores en Acción elkarteak Gipuzkoako Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzaren aurrean salatu duenez, "gabeziak daude hezkuntza publikoko eskola-jantokiko zerbitzuan", eta horrelakorik ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Facuak ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera, Gipuzkoako ikastetxe publikoetako familiek "kexak" aurkeztu dituzte "janariaren kalitatearen jaitsiera" ikusita. Familiek beharrezko ikusten dute "egoerari ikusgarritasuna ematea, lehenbailehen neurriak har daitezen".
Facuak gogorarazi du Kontsumitzaileen Estatutuak adierazten duela "arreta berezia jarriko zaiola adingabeei zuzendutako ondasunen egokitasunari".
Bestalde, eskola-jantokiak arautzen dituen Hezkuntza Sailaren 2000ko Aginduak zehazten duenez, ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenari dagokio "jantokiaren funtzionamendua gainbegiratzea", "ikasleen behar dietetikoen arabera menuak onartzea", "kontratatutako enpresaren zerbitzuaren kalitateari buruzko txostenak Administrazioari helaraztea" eta "zerbitzua behar bezala garatzeko beharrezkoa den beste edozein eginkizun betetzea".
Kontsumitzaileen elkartearen hitzetan, arau horren arabera, Hezkuntza Sailak "eskola-jantokien funtzionamendu administratiboa eta ekonomikoa gainbegiratu" behar ditu, "arlo bakoitzean eskumena duten organoen bitartez".
Ehigek jarraipen kanpaina hasi du
Bestalde, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea konfederazioak eskola-jantokien kontrol eta jarraipen kanpaina bat hasi du, enpresa esleipendunek kontratuetan ezarritako baldintzak bete ditzaten eta eskola-elikadura "osasungarriagoa, justuagoa eta iraunkorragoa" izan dezaten.
Ohar batean, EHIGEk gogorarazi du 2023-2024 ikasturtearen hasieran indarrean sartu direla ikastetxe publikoetako jantokien kontratu berriak.
Horren esanetan, enpresek bete behar dituzten baldintzak "alde bakarrez" egin ditu Hezkuntza Sailak, "familien parte-hartzerik gabe". Hala ere, "alderdi interesatua izateaz gain, familiek zerbitzuaren zatirik handienaren kostua finantzatzen dute, % 60 batez beste", erantsi duenez.
EHIGEren hitzetan, enpresen aldaketek "familien kexa eta kezka ugari sortu dituzte zerbitzuaren kalitateari buruz". Horregatik, egoera salatzeaz gain, EHIGEk enpresa esleipendunek bete behar dituzten baldintzen jarraipena eta kontrola egiteko mekanismoak jarriko ditu abian ikastetxeekin batera, "betebehar horiek bete daitezen" eta Hezkuntza Sailari "zerbitzuak behar dituen aldaketa eta hobekuntzak" eskatzeko.
Zehazki, epe laburrera, hilabete batez jasoko dituzte ikastetxeetako gorabeherak; epe luzera, berriz, lantalde batek kontrolatuko du baldintza-agiriak betetzen diren.
EHIGEk zehaztu duenez, kanpaina honen helburu estrategikoa da "hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea sustatzea, Euskal Eskola Publikoaren kalitatea hobetzeko" eta eskola-elikadura "osasungarriagoa, justuagoa eta iraunkorragoa" lortzea.