SEGURTASUNA
Behobia-Donostia lasterketaren bezperan ibilbidea gauez eta oinez egitearen arriskuaz ohartarazi dute
AGENTZIAK | EITB Media
Ertzaintzak ohartarazi du pertsona batzuek "ohitura arriskutsu" hori dutela; izan ere, azken urteetan, GI-636 errepideko bazterbidetik egiten dute ibilbidea, oinez, bidea irekita dagoela eta segurtasun-neurririk gabe. Horregatik, gaur gauean, ingurua zainduko dute.
Behobia-Donostia lasterketaren ibilbidea proba hasi aurreko orduetan, gauez eta inolako segurtasun-neurririk gabe, oinez egiteko pertsona batzuek azken urteotan hartu duten ohitura arriskutsuaz ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak, eta iragarri du Ertzaintzak ingurua zainduko duela gaur gauean, bihar (igandea) lasterketa egin aurreko orduetan.
Segurtasun Sailak gogorarazi du azken urteotan zenbaitek "ohitura arriskutsu" hau hartu dutela eta ibilbidea "gauez eta inongo antolaketarik gabe" egiten dutela, GI-636 errepideko bazterbidetik, bidea irekita dagoela eta segurtasun-neurririk gabe. Halaber, gogorarazi du jarduera hori ez dela jarduera antolatu bat, eta ez duela ez baimenik ez inolako segurtasun-dispositiborik, kirol-probarekin inolako zerikusirik ez duen jarduera baita.
Aurreko urteetan, trafikoko eta herritarren babeserako unitateek pertsona horiei ohartarazi diete egiten ari zirena oso arriskutsua dela. Hori dela eta, irmo eskatu dute ez egiteko oinez GI-636 errepidea, Gaintxurizketa gaina eta Lezoko ibilbidea lotzen dituen tartea, istripurik ez izateko, bidea ibilgailuen zirkulaziorako irekita egongo baita.
Larunbatetik iganderako goizaldean, Ertzaintzak eremua zainduko du, oinezkoak bertatik igarotzea oso arriskutsua baita.
Era berean, gogorarazi dute ez dela bazterbidetik ibili behar eta beharrezkoa denean bakarrik joan daitekeela bertatik, betiere ikusgaitasuna handitzeko elementuak eramanez gero, txalekoak edo elementu islatzaileak adibidez, zirkulazio-erreitik ahalik eta gehien aldenduta eta ibilgailuen kontrako noranzkotik joanda, urrutitik ikusgai izateko.