Gipuzkoa
Tolosako Usabal kiroldegia asteon zabaldu lezakete, langileen grebaren ondorioz 6 hilabetez itxita egon ostean
EITB MEDIA
Gaur, asteartean, herriko Udalbatzak ezohiko osoko bilkura egingo du azpiegitura hori kudeatzen duen BPXport enpresarekin sinatutako kontratua eteteko eta urgentziazko lizitazioa egiteko pleguak eta baldintzak onartzeko.
Tolosako Usabal kiroldegiak maiatzetik izan ditu ateak itxita, langileek euren lan-baldintzak hobetzea eskatzeko abiatutako greba mugagabe baten ondorioz. Sei hilabete igaro dira eta, ordutik, bertako Udalak jakinarazi duenez, ezinezkoa izan da udal-azpiegitura hori kudeatzeko ardura duen BPXport enpresaren eta beharginen arteko korapiloa askatzea. Hala, Andu Martinez de Rituerto alkateak azaldu du enpresarekiko kontratua deuseztea dela irtenbide bakarra, "egindako txostenen arabera, eta kanpoko aholkularitza juridikoetan oinarrituta, zerbitzua ez ematearen errudun bakarra enpresa delako".
Horretarako, ezohiko osoko bilkura egingo du gaur Tolosako Udalbatzak, indarrean dagoen kontratua eten eta, aldi berean, kirol instalazioak kudeatzeko lizitazio-pleguak onartzeko.
Lizitazioa urgentziaz kudeatuko dute eta, alkateak iragarri duenez, litekeena da langileek, "behin-behinean bada ere", grebari amaiera ematea eta lanera bueltatzea horri esker. Horrekin bat egin du Aritz Zelaia langileen ordezkariak; izan ere, iragarri du ostegunean lanera itzultzeko prest daudela, gaur egungo enpresaren baldintzetan eta enpresa horren pean, betiere gaur onartuko diren plegu berrietan haien lan-baldintzak eguneratzeko bermea baldin badago.
Hala, lan-gatazkari amaiera ematekotan, litekeena da kiroldegiak asteburu honetan bertan zabaltzea ateak. Martinez de Rituertok ziurtatu du kiroldegia bi egunean jar daitekeela martxan, sei hilabetez itxita egon den arren, egindako ikuskatzeek ondorioztatu baitute ez dagoela kalte larririk: "Epe oso motzean egongo litzateke erabilgarri ia bere osotasunean". Igerilekuari dagokionez, berriz, jakinarazi du astebeteko epea beharko luketela martxan jartzeko.
Alkateak azaldu duenez, kontratua eteteko erabaki nagusia izan da enpresak ez duela adostutako zerbitzua eman luzaroan, eta, hori dela eta, ez du uste bestelako kostu ekonomikori aurre egin behar izango diotenik kontratua deuseztatzeagatik. "Egindako txostenen arabera, eta kanpoko aholkularitza juridikoetan oinarrituta, zerbitzua ez ematearen errudun bakarra enpresa delako", azaldu du.
Hala ere, iragarri du lizitazioa urgentziaz bideratu arren, hilabeteko epea bete beharko dutela eta, seguruenik, BPXport enpresak helegitea aurkeztuko duela aholku juridikoko batzordean. Ondorioz, ez du baztertzen prozesu osoa bizpahiru hilabetez atzeratzea.
Lan-baldintza hobeen aldeko borroka
Usabal kiroldegiko langileek ia urte osoa daramate borrokan haien lan-baldintzak hobetzearen alde. Hiru gai dituzte mahai-gainean: galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, klaseak prestatzeko orduak eta lanpostuen kategoriak. Horiek enpresarekin negoziatzeari ekin zioten urtarrilean, baina, negoziazio-saiakerak egin arren, ez dute aurrerapausorik lortu.
Hala, martxoan, 10 eguneko lan-eteteak egin zituzten, eta ondoren, enpresak egindako proposamenari uko egin ostean, greba mugagabeari hasiera eman zioten maiatzean.