Itxi

2022ko urtarrilean gertatu zen

Epaimahaiak errudun jo du Usurbilgo Andatza mendian gizon bat hiltzeagatik akusatutakoa

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Joan den azaroaren 3tik krimena epaitu duen epaimahaiak errudun jo du 2022ko urtarrilaren 24an beste gizon bati lepoa moztu eta berori hiltzeaz akusatutako gizona.

Biktimaren gorpua agertu zen tokia, Usurbilgo (Gipuzkoa) Andatza mendian. Argazkia: EFE

Andatza mendiko krimena azaroaren 3tik epaitu duen epaimahaiak errudun jo du akusatua gaur; ebazpenaren arabera, 2022ko urtarrilaren 24an beste gizon bati lepoa moztu eta hil egin zuen, Usurbilgo (Gipuzkoa) basoan.

Biktima odolustuta eta eskuak lotuta utzi zuen, eta hilabete geroago aurkitu zuen mendizale batek. Ikerketa amaitutakoan, Ertzaintzak inputatu nagusia eta bi emakume atxilotu zituen iazko martxoaren amaieran.

Epaimahaiko presidenteak gaur goizean jaso ditu magistratuaren eskutik epaia emateko eskaria eta galdera-sorta, Gipuzkoako Auzitegian, eta gaur gaueko lehen orduan eman du ebazpena epaimahaiak: akusatuaren bikotekidea, atxilotutako emakumeetako bat, krimenaren konplize izan zen, eta beste emakumea, berriz, estaltzailea.

Akusatuaren neska-lagunari droga-mendekotasunaren aringarria aplikatu dio epaimahaiak, baita beldur gaindiezinaren pean jardun izanarena ere; bigarren emakumeari, ostera, inguruabar salbuesle osatugabetzat aitortu diote beldur gaindiezina. Halaber, inputatu nagusiarentzat ere onartu du droga-mendekotasunaren aringarria.

Horrela, Fiskaltzak ahozko saioen hasieran egindako eskaera guztiak hartu ditu aintzat epaimahaiak, defentsak hasiera-hasieratik ados zeudela.

Hiru inplikatuek gertatutakoa aitortzeak epaimahaiaren lana erraztu du; izan ere, azaroaren 6an, epaiketaren bigarren saioan, gertakariak aitortu zituzten, Ministerio Publikoaren akusazio-idazkian jasotako kontakizunari jarraituta.

Fiskaltzaren arabera, jeloskortasuna izan zen hilketaren zioa; izan ere, kartzelatik irten ondoren, hildakoa behin baino gehiagotan aritu zen errudunaren neska-laguna limurtu nahian, eta garai batean harreman sentimentala izan zuen harekin.

Urtarrilaren 24an, bi gizonak Hernaniko (Gipuzkoa) etxebizitza batean borrokatu eta gero, errudunak biktimari eskuak lotu zizkion, neska lagunaren laguntzaz, eta Andatza mendira eraman zuen furgonetaz, bertan hiltzeko, etxean bizi zen hirugarren akusatuari odola garbitzeko agindu eta gero.