Itxi

ZAINTZA

Zainketaren aldeko euskal ituna adosteko deia egin du lehendakariak, sei lehentasun aintzat hartuta

EITB Media

Leer en Castellano

Hauek dira etorkizuneko zainketaren aldeko euskal itunaren lehentasunak: zainketen inguruko antolaketa iraultzea, genero desberdintasunak murriztea, giza eskubideen ikuspegia ezartzea, behar bereziei heltzea, eta erantzukidetasuna bultzatzea.

Iñigo Urkullu lehendakaria zainketei buruzko lehen euskal kongresuan. Argazkia: Irekia

Iñigo Urkullu lehendakariak zainketaren aldeko euskal ituna adosteko eta "elkarren artean" eraikitzeko deia egin du, zaintza sistema "propio, publiko eta komunitario" bat lortzeko bidean.

Zainketen aldeko Aliantza Globalaren premisei jarraituz, lehendakariaren arabera, hauek dira etorkizuneko zainketaren aldeko euskal itunaren lehentasunak: zainketa sistema berrantolatzea, genero desberdintasunak murriztea, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia ezartzea, behar bereziei heltzea, eta erantzukidetasuna bultzatzea. 

Zainketei buruz gaur biharretan Donostian egiten ari diren lehen euskal kongresuaren irekiera ekitaldian parte hartu du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Bere hitzaldian lehendakariak nabarmendu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak denbora darama zainketa eredu "propio, publiko eta komunitario" baterako trantsizioa egiten. Azaldu duenez, zaintzaren erantzukizuna familiei eta, bereziki, emakumeen gain uzten duen sistema tradizionala alboratu eta "lidergoa eta erantzukizun publikoa eta gainerako sektoreekiko lankidetza uztartzen dituen beste batera" igaro behar da. "Aurrera egiten eta eredu berri horretan inbertitzen ari gara", azpimarratu du.

"Bidea argi dugu. Baliatu dezagun aurrez aurre dugun aukera zainketaren aldeko euskal ituna adosteko eta elkarren artean eraikitzeko eraikitzeko", gaineratu du.