Itxi

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistarekin lotutako 4.979 salaketa izan dira irailera arte Euskadin, iaz baino % 6,2 gehiago

eitb media

Leer en Castellano

Bikoteak edo bikotekide ohiak eragindako indakeria kasuak dira gehienak (3.659), iazko denbora tarte berean baino % 7,2 gehiago. Tratu txar fisikoak, irainak, isekak eta lesioak izan dira batik bat.

Indakeria matxistarekin lotutako 4.979 salaketa izan dira Euskadin

2023ko urtarril eta iraila bitartean, indarkeria matxistako 4.879 delitu erregistratu ditu Ertzaintzak, emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak aintzat hartuta. Horrek esan nahi du, 2022ko denbora tarte berarekin alderatuta, % 6,2 igo dela kasu hauen kopurua aurten. Urtebetean, 3.983 emakume biktima zenbatu dituzte, iaz baino % 7,7 gehiago.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lurraldeka banatuta, Bizkaiak izan ditu delitu gehien. Hala, lurralde horretan eta Araban % 10 igo dira indarkeria kasuak. Gipuzkoan, aldiz, beherakada txikia izan dute.

Bikoteak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria kasuak izan dira gehienak (3.659), iazko denbora tarte berean baino % 7,2 gehiago; tratu txar fisikoak, irainak, isekak eta lesioak batez ere. Bi emakume hil dituzte aurten; bata Orion, maiatzaren 16an, eta bestea Gasteizen, maiatzaren 28an.

Familia barruko edo etxe barruko erasoak, bestalde, 836 izan dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan —iaz baino % 3,5 gutxiago—.

Aitzitik, gora egin dute askatasun sexualaren aurkako delituek: 459 izan dira, guztira —2022an 397 izan ziren; % 20 gutxiago—. Gehienak eraso sexualak izan dira.

Segurtasun Sailaren arabera, 2022ko urriaren 7an indarrean sartutako "bai bakarrik da bai" legeak zerikusia du horretan, "abusua eta erasoa" parekatzen dituelako. Azpimarratzeko modukoa da, halaber, sexu eraso larrienen kopurua hazi egin dela —62tik 89ra—.

Babesa

Egun, 5.616 emakume —2.783 Bizkaian, 2.010 Gipuzkoan eta 858 Araban— daude Ertzaintzaren babespean. Epaile baten aginduz ari dira babesa jasotzen horietako 3.619; gainerakoak, polizien protokoloei erantzunez.

Kasurik larrienetan, 24 orduz daramate eskolta emakumeek: gaur egun, 28 emakume daude egoera horretan Bizkaian, sei Gipuzkoan eta bost Araban.