Itxi

Ogasuna

7,8 milioi euroko isuna adostu, eta iruzur fiskala egin izana aitortu du Shakirak, espetxean sar ez dezaten

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gainera, bi aldeek adostuta, kartzelan ez sartzearen truke, 432.000 euro gehiago ordaindu beharko ditu —400 euro espetxean ez dagoen egun bakoitzeko—.

Shakira, auzitegian. Argazkia: EFE

Shakira abeslari kolonbiarrak ia 7,8 milioi euroko isuna ordaintzea onartu du, Bartzelonako Auzitegiak ezarritako hiru urteko espetxe zigorra saiheste aldera. Gainera, aitortu du Ogasunari 14,5 milioi euroko iruzurra egin ziola, 2012 eta 2014 artean.

Auzitegian bertan egindako agerraldian, abeslariak aurreratu du bere abokatuak eta Fiskaltzak azken orduko akordioa erdietsi dutela. Hasiera batean, zortzi urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen Shakirarentzat Fiskaltzak.

Modu horretan, "ahoz" ezarri dizkiote Shakirari hiru urteko espetxe zigorra eta 7,8 milioi euroko isuna, eta, bi aldeek hala adostuta, 432.000 euro gehiago ordaindu beharko ditu kartzelan ez sartzearen truke —400 euro espetxean ez dagoen egun bakoitzeko—.

14,5 milioi euroak aspaldi itzuli zizkion Ogasunari —gehi hiru milioi euroko interesak—. Hori horrela, egindako kaltea ordaindu izanaren aringarria ezarri diote akusazioek, eta horrekin adostasun batera iristea lortu dute.

Akordioari esker, halaber, isuna gutxitu diote. 23,7 milioi euro ordaindu behar zituen, baina 7,8 ordainduko ditu.