Itxi

EMAKUMEAREN AURKAKO INDARKERIA

Mugimendu Feministak azaroaren 30ean greba egiteko deia egin du, lan-prekarietatea ere "indarkeria delako"

eitb media

Leer en Castellano

Azaroaren 25ean Euskal Herriko kaleetara aterako dira "ozen eta argi" adierazteko emakumeen aurkako indarkeriak ez duela lekurik.

Azaroaren 25eko manifestazio bat Bilbon. Artxiboko irudia: EFE

Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30ean Euskadin deitu dagoen greba orokor feminista aldarrikatu du, lan-prekarietatea, lan-baldintza "zitalak" edo emakumeek egiten dituzten "zaintza-lanak ez baloratzea" ere "indarkeria" delako.

Azaroak 25ean, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, antolatu dituzten ekitaldien eta mobilizazioen berri eman du Mugimendu Feministak astelehen honetan Bilbon.

Ordezkariek salatu dute azken urtean "indarkeria matxistaren ondorioak, aurrekoetan bezalaxe, izugarriak" izan direla. Hala, "Euskal Herrian lau emakume eta haur bat hil" dituztela gogorarazi dute, eta "haserre, eta nazkatuta" daudela nabarmendu dute. Era berean, "babes" osoa helarazi diete haurraren senideei eta hildako emakumeei, eta mugimendu feminista "beti" ondoan izango dutela ere adierazi dute.

Ildo horretan, salatu dutenez, "hilketa izugarri horiek indarkeria matxistaren muturreko ondorioak dira, hainbat aurpegi baititu indarkeria horrek, eta emakumeok, trans eta lesbianak, horrelakoak egunero jasaten ditugula" iritzi diote, izan "lantokian, kalean, eskolan edo lagunartean".

Argi utzi dute indarkeria hori ez dela "kasualitatez gertatzen den zerbait", "sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazistari eusteko ezinbesteko tresna" baita. Gaineratu dute indarkeria horretaz baliatzen direla "desberdintasun eta zapalkuntzak sortzeko".

Horregatik, erakundeei eskatu diete "dagokien erantzukizuna beren gain har dezatela", uste baitute gai horrek "lehentasuna" izan beharko lukeela "agenda politikoetan". "Hitz politez, azaleko proposamenez eta ezertarako balio ez duten argazki instituzionalez" nazkatuta daudela ere azpimarratu dute.