Itxi

Istripua mendian

47 urteko altzürükütar bat hil da Pirinioetako Balaitus mendian erorita

EITB Media

Leer en Castellano

Gizona 12 urteko semearekin zegoen, eta adingabeak bertatik bertara ikusi zuen istripua. Biktimaren semeak behera egin behar izan zuen laguntza eskatzeko, telefonoak ez baitzuen estaldurarik. Asteburuan Pirinioetan hil den bigarren mendiazalea da.

Balaitus mendia, mendebaldetik. Argazkia: Wikimedia

Altzürüküko (Zuberoa) 47 urteko gizon bat hil zen igandean, Pirinioetako Balaitus mendian erorita. Biktima ia 50 metroko altueratik erori zen.

Sud Ouest egunkariak azaldu duenez, gizona 12 urteko semearekin zegoen, eta gazteak istripua ikusi zuen. Gainera, adingabeak mendian behera egin behar izan zuen laguntza eskatzeko, telefonoak ez baitzuen estaldurarik. Txangozale pare batekin topo egin zuen, eta gertatu berri zena kontatu ahal izan zien, Jendarmeriak azaldu duenez. Jaitsieran lagundu zioten alarma deia egiteko.

Jendarmeek Segurtasun Zibileko helikopteroa bidali zuten shock egoeran zegoen 12 urteko haurrari laguntzeko.

Jean Karrikaburu Altzürükuko auzapezak Euskadi Irratiari azaldu dionez, biktimak kranpoia galdu zuen, eta horrek eragin du ezbeharra. Herria "hunkituta" dagoela azpimarratu du Karrikaburuk.

Asteburuan Pirinioetan hil den bigarren pertsona da; izan ere, 52 urteko mendizale nafar bat hil zen larunbatean Monte Perdido mendian, Ordesako Parke Nazionalean (Huesca), erorita.

Ezbehar hori Monte Perdidoko gailurrera igotzeko aldapa handiko tarte batean gertatu zen; oso toki arriskutsua da, eta istripu asko izaten dira bertan