Itxi

Pornoa, indarkeria eta herra

Donostiako ikastetxe batek salatu du adingabeen txat batean pornoa eta gorroto-mezuak partekatzen ari direla

EITB Media

Leer en Castellano

"200 gaztetik gorako whatsapp taldea ez zuten, ziurrenik, ikasleek antolatuko, talde horiek sortuta beste helburu batzuk dituzten helduek baizik", ohartarazi du ikastetxeak DBHko bigarren, hirugarren eta laugarren mailetan ikasleak dituzten familiei bidali dien zirkular batean.

Bi nerabe, telefono mugikorrak eskuan. Artxiboko irudia: Save the Children / Pablo Blazquez

Donostiako Aldapeta Maria ikastetxeak ohartarazi duenez, DBHko ikasleak "whatsapp talde batean parte hartzeko gonbidapena" jasotzen ari dira. Talde horren edukia "oso desatsegina eta desegokia da adin horretako gazteentzat", eta gertatutakoa Ertzaintzan salatzeko eskatu die adingabeen gurasoei.

Itunpeko ikastetxe horrek ohartarazpen hori egin du, astearte honetan. DBHko bigarren, hirugarren eta laugarren mailetan ikasleak dituzten familiei bidali dien zirkular batean.

Idatzian, ikastetxeak azaldu du, "hainbat familiaren salaketari esker" jakin duela ikastetxeko "200 ikasle baino gehiagoko whatsapp talde batean" parte hartzeko gonbidapena jasotzen ari direla ikasleak.

"Talde horren edukia oso desatsegina eta desegokia da adin horretako gazteentzat, eta, beharbada, ez dute ikastetxeko ikasleek antolatuko, talde horiek sortuta beste helburu batzuk dituzten helduek baizik", azpimarratu du.

Ikastetxeak adin horretako gazteak dituzten familia guztiei dei egin die ohartarazteko "gonbidapen hori onartzea desegokia dela eta, hala badagokio, seme-alabekin telefonoa azter dezaten, talde horretatik berehala ateratzeko". Gainera, mugikorreko mezuak ezabatu gabe gertatutakoa "gertuen duten ertzain-etxean salatzera joateko".

Ez da gertatu den lehen aldia

Oharrak gogorarazi duenez, "ez da hau gertatzen den lehen aldia", eta Mossoek "12 urtetik beherakoekin" egindako txat baten ikerketari buruzko albiste baterako esteka jasotzen du. Txat horretan irudi pornografikoak, indarkeria eta gorroto-mezuak zeuden ikusgai.

Ikastetxearen esanetan, "teknologia berriek beste erronka bat gehitzen diote gurasoen lan zailari", eta, horregatik, "adi egotea" gomendatzen du, "gazteek teknologia hori eskuragarri duten uneari eta gazteek ematen dioten erabilerari".