Bizkaia
URAk amaitu ditu, 11 urteren ostean, Basauri eta Galdakao uholdeetatik babesteko lanak
EITB Media
Nerbioi eta Ibaizabal ibaien ubideetan egindako lanotan, hiru zubi ordezkatu dira eta beste bat zaharberritu. Jarduerei esker, bi udalerrietako 5000 bat biztanle uriolen eraginpean egoteari utziko diotela nabarmendu dute agintariek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
11 urte eta 32,6 milioi euro behar izan dira Basauri eta Galdakao (Bizkaia) Nerbioi eta Ibaizabalen ibaien ur-goraldietatik babesteko lanak bukatzeko.
URA Uraren Euskal Agentziak gaur azaldu ditu, prentsaurrekoan, azken hamarkadan egindako jarduerak. Lanoi esker, bi udalerrietako "5.200 biztanle uholdeen eraginpean egoteari utziko diete". Gainera, uriolek urtero sortu ohi dituzten kalte materialak nabarmen txikituko dira (7 milioitik 0,7 milioira, aurreikuspenen arabera).
Prentsaurrekoan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak nabarmendu duenez, uholde arriskua "nabarmen murriztu" da. 5,3 kilometroko eremua da hobetu dutena, 100 urtean behin ur-goraldiak dituena. Bi ibaiak (Nerbioi aurrena, eta gerora, Ibaizabal) Basauri eta Galdakao zeharkatzen ditu, N-634 errepidearen paraleloan.
Funtsean, ubideen ahalmen hidraulikoa (ibaiak har dezakeen ur kantitatea) hobetu eta handitu da. Gainera, hiru zubi ordezkatu dituzte: Gudarien Hiribidea, Urbi eta Bridgestone (denak Basaurin) eta Bengoetxeko zubia (Galdakao) zaharberritu da.
Lanek 11 urte iraun dute
URAk 2012an ekin zion lanari, Euskotren zubitik (Bandas) Ariz zubiraino Nerbioi ibaiaren hustutze-ahalmena handituta. Indusketa lanak egin zituzten 2,5 metroko sakonera irabazteko. Ondoren, Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek bat egiten duten gunean, ubidearen zabalera eta sakonera handitu zuten. Horren ondorioz, Urbiko eta Bridgestoneko zubiak aldatu behar izan ziren, eta Urbiko presa txikia partzialki eraitsi. Azkenik, hirugarren fasean (abenduan amaituko dute) Ibaizabal ibaiaren gaitasuna hobetzeko obrak egin dira Bengoetxe eta Plazakoetxe artean (Galdakao).
Fase honen mugarri izan da Bengoetxea zubiaren zaharberritzea. Zubi zaharra da, harrizkoa. Lehen, ura husteko ahalmen gutxikoa zen, eta Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa katalogatua dago.