osasuna
Osakidetzan ebakuntza kirurgiko bat egiteko itxaronaldia 61,9 egunean dago, ezarritako mugatik apur bat gorago
Agentziak | EITB MEDIA
Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren esanetan, itxaron zerrenda horiek pandemian sortutako atzerapenen ondorio dira (2019an, 50 egunekoa zen batez bestekoa).
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Osakidetzan ebakuntza kirurgiko bat egiteko batez besteko itxaronaldia 61,9 egunean dago, dekretuz ezarritako mugatik apur bat gorago.
"Forum Europa. Tribuna Euskadi" gosari informatiboan eman ditu datuok Sagarduik. Azaldu du Eusko Jaurlaritzak 2006an argitaratutako dekretu batean zehazten direla premiazkoak ez diren ebakuntzak egiteko gehienezko epeak. Horren arabera, itxaronaldiak, asko jota 60 egunekoa beharko luke. "Ia-ia lortu dugu", nabarmendu du.
Kirurgia onkologikoei eta bihotzeko kirurgiei dagokienez, ezarritakoak baino 15 eta 27 pertsona gehiago daude zain, hurrenez hurren. Kirurgia onkologikoen kasuan 30 egunekoa da gehienezko epea, eta bihotzekoetan, 90 egun. Dena dela, zehaztu du bi kasuetan ebakuntza ez egitea aholkatzen duten baldintzak dituztela eriek.
Sagarduiren esanetan, itxaron zerrenda horiek pandemian sortutako atzerapenen ondorio dira (2019an, 50 egunekoa zen batez bestekoa), eta nabarmendu du iazko urrian hasi zela Osakidetza itxaronaldia murrizten. "Murrizketak eta pribatizazioak daudela eta sistema desegin nahi dutela dioten horien aurrean, datuok erakusten dute Osakidetzak ondo funtzionatzen duela", azpimarratu du. Kritiko azaltzen direnei datuak ez ematea eta "Jaurlaritza urratu" beste asmorik ez izatea egotzi die.
Profesional falta Lehen Arretan eta Pediatrian
Sailburuak aitortu du, halaber, badirela "erronkak", eta horien artean, Lehen Arretan eta Pediatrian dagoen profesional eskasia dago. Horren aburuz, auzia " ez da Jaurlaritzaren planifikazio faltaren ondorio, Espainiako Gobernuarena baizik".
"Estatuak ez zuen belaunaldi aldaketa aurreikusi, eta ez zituen BAME (barneko mediku egoiliar) lanpostuak handitu. Horregatik dugu gaur egun egoera hori Euskadin eta Espainian, baina baita Europan ere. Ez dago profesional nahikorik, eta ez da borondate edo aurrekontu faltagatik", adierazi du.
Azaldu duenez, Osasun Sailak hainbat neurri proposatu dizkio Ministerioari, baina oraingoz, ez du erantzunik jaso. Besteak beste, esleitu gabeko BAME plazak betetzeko aukera ematea edota irakaskuntza unitateak "zabalik" uztea, plaza hutsen bat sortuko balitz.