A25
% 60 hazi dira sexu indarkeriagatik 900 840 111 telefono zenbakira egindako deiak Euskadin, 2018tik gaur arte
EITB MEDIA
Hain zuzen ere, 310 dei jaso zituen 2018an eta 497 dei 2023an. Melgosak gogorarazi du 5.500 emakume baino gehiago daudela babespean Euskadin.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak bere Sailak azaroaren 25era —Emakumearen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna— begira antolatutako jardunaldi batean hartu du parte gaur, ostegunarekin. 900 840 111 telefono zenbakia kudeatzen duen Agintzariren Bilboko egoitzan egin dute topaketa.
"Indarkeria matxistaren biktimek ez dute biktima izatea hautatu. Ezin da onartu horren gaineko ezein interpretazio. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun ezaren adierazle larriena da indarkeria matxista, giza eskubideen urraketa baita, gobernu edo gizarte aurreratu bakar batek onartu ezin duena", esan du.
Halaber, Melgosak gogorarazi du 5.500 emakume baino gehiago daudela babespean Euskadin, eta 2003tik 1.300 emakume hil dituela matxismoak Estatu espainiarrean. Horregatik, galdetu du: "Bada beste alde batera begiratzeko gai den inor? Bada indarkeria matxista existitzen dela uka dezakeen norbait?".
Hitza hartu duenean, 900 840 111 telefono zerbitzuaren arduradun Oiane Zaratek azken sei urteetako datuak eman ditu, nabarmenduz sexu indarkeriagatik artatutako biktimen kopuruak izugarri egin duela gora; bereziki, azkenaldian. Hain zuzen ere, 310 dei jaso zituzten 2018an, eta 497 dei 2023an.
900 840 111 telefonora egindako deiak isilpekoak eta anonimoak dira. Nolanahi dela, zerbitzu horretako langileek ezinbestekotzat jo dute biktima guztiei jakinaraztea behar duten arreta eta babesa jasoko dutela zenbaki horretara deituta.