Sexu-erasoa
Fiskaltzak Alvesi 9 urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du, diskoteka batean neska bat bortxatzeagatik
Agentziak | EITB Media
Akusazio idatzian, Ministerio Publikoak dio brasildarrak 21 urteko neskari sexu-erasoa egin ziola, horretarako indarkeria erabiliz, eta "estutasuna eta izua" eragin zizkiola, biktimak erasoari erantzutea eragotziz.
Fiskaltzak Dani Alves Bartzelonako futbolari ohiari 9 urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du, joan den abenduan Bartzelonako diskoteka batean neska bat bortxatzea egotzita, eta biktimari 150.000 euroko kalte-ordaina ematea.
Bartzelonako Auzitegian ostegun honetan aurkeztutako akusazio idatzian, Ministerio Publikoak adierazi du futbolari brasildarrak 21 urteko neskari sexu-erasoa egin ziola, horretarako indarkeria erabiliz, eta "estutasuna eta izua" eragin zizkiola, biktimak erasoari erantzutea eragotziz.
Fiskaltzak, halaber, Bartzelonako Auzitegiari eskatu dio hamar urteko zaintzapeko askatasuna ezar diezaiola Alvesi, balizko espetxe-zigorra bete ondoren, eta hamar urtez biktimarengandik mila metro baino gutxiagora hurbiltzea edo harekin harremanetan jartzea debekatzeko.
Akusazio idatziaren arabera, 150.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko lioke Alvesek biktimari. Zenbateko hori dagoeneko epaitegian utzi du akusatuak, instrukzioko epaileak fidantza gisa ezarri ziolako sexu-eraso delitu batengatik auzipetu zuenean.
Fiskaltzak bere idatzian dioenez, bortxaketa 2022ko abenduaren 30ean gertatu zen, Bartzelonako Sutton diskotekako 'Moet' erreserbatuan.
Futbolari ohiaren defentsak, ostera, hirugarren aldiz eskatu du aske uztea, epaiketaren zain dagoen bitartean, besteak beste, argudiatuz epaileak ezarri zizkion 150.000 euroak ordaindu dituela biktimari balizko kalte-ordain bat ordaintzeko (eragindako kalteengatik), eta horrek zigorra urtebetera jaitsi dezakeela.
Fiskaltza ez dator bat argudio horrekin, eta hirugarrenez ere eskatu dio Auzitegiari Alves behin-behineko espetxealdian mantentzeko.