Eguraldia
Igande eguzkitsua, datorren astean iritsiko den hotzaren eta euriaren atariko
eitb media
Gaurkoan, eguzkia izango da nagusi, eta tenperaturak apur bat igoko dira goizeko hotzaren ostean. Astelehenerako, prezipitazioak eta tenperatura jaitsiera espero dira.
Egun gris eta euritsuen ostean, igande honetan, eguraldiak atseden apur bat emango du eta ostarte zabalak eta tenperatura igoera nagusituko dira. Hala ere, datorren astea hastearekin batera, hoztu egingo du eta euria itzuliko da, bereziki ipar partean. Hori izango da aste osoko joera orokorra.
Egunsentia hotza izan arren eta behe-lainoa jaso ostean, eguzkia gailenduko da eta giroa nahikoa dotorea izango da gaur. Zerua ez da erabat urdin egongo, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak tartekatuko baitira. Ekialdeko haizea nagusituko da, baina kostaldean iparraldera egingo du arratsaldean; azken orduetan, haizea hegoaldetik sartuko da. Eguneko tenperaturak apur bat egingo du gora, eta balio goxoak izango ditu.
Astelehenean, eguraldi aldaketa dator. Eguna lehorretik hasiko dugu, erdi-mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin, baina goizak aurrera egin ahala, fronte bat sartuko da, lainotu eta euritara joko du. Euria denera zabalduko den arren, euri gehien isurialde atlantikoan egingo du. Haizea hego-mendebaldetik sartuko da hasieran; eguerdi partean, baina, ipar-mendebaldekoari emango dio paso, eta zakartu egingo da, bereziki kostaldean. Egunsentia epelagoa izango da; maximoak, berriz, apur bat jaitsiko dira.
Asteartean, moteletik eta bustitik jarraituko du. Zerua lainotuta egongo da eta euria egingo du tarteka, bereziki isurialde atlantikoan eta egunaren lehen partean; euria sarriago egingo du orduan. Azken orduetan, atertzera egingo du eta hodeitza saretuko da. Goizean, ipar-mendebaldetik sartuko da haizea; egunak aurrera egin ahala, ahuldu egingo da, eta norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da azken orduetan. Tenperaturak berdin jarraituko du.
Asteazkenean, hego-haizeak tenperatura igo eta zerua garbituko du, baina hotz handiagoa eta euria espero dira ostegunerako eta ostiralerako, ekialdeko haizearen eraginez.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.
Hotza
Igande goizaldea oso hotza izan da Euskal Herriaren luze-zabal osoan, eta zeropeko tenperaturak izan dira puntu batzuetan. Nafarroan eta Araban izan dira hotzenak. Hala, Erremendian -8 ºC-ra jaitsi da tenperatura, Aurizperrin -6 ºC-ra, Etxarri Aranatzen -2,6 ºC-ra eta Iruñean eta Tuteran 0 ºC-ra. Araban, Bernedon eta Erroitegin -2 ºC-koa izan da tenperatura minimoa, eta -1 ºC-koa Kanpezun. Nafarroa Beherean, berriz, Urepelen -1 ºC-ko tenperatura egon da goizaldean.