Donostia
Springsteen, Dolores Redondo, Imanol Alguacil eta Arbelaitz, Urrezko Danborra jasotzeko 141 hautagaien artean
Agentziak | EITB Media
Orain, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gehienez hiru hautagai aukeratu beharko ditu herri-bozketaren prozesua egiteko edo, adostasun handia badago, irabazlea izendatzeko.
Donostiako Udalak 2024ko Urrezko Danborrerako behin betiko hautagaitzak aztertu eta baliozkotzeko prozesua amaitu du. Guztira 141 hautagai proposatu dituzte.
Bozeramaileen Batzordeak gehienez hiru hautagai aukeratu beharko ditu herri-bozketa egiteko, edo, adostasun handia badago, irabazlea izendatuko du, Donostiako Udalak gogorarazi duenez.
Proposatutako hautagaien artean, musika munduko artista eta talde ugari daude: Bruce Springsteen, Donostiako Orfeoia, Amaia Montero, David Bisbal, Mikel Erentxun, Loquillo, Izaro, Alberto Iglesias, Iñaki Salvador, Elena Sancho, Golden Apple Quartet eta Miguel Martin (Jazzaldiko zuzendaria), besteak beste.
Idazleak ere badaude, tartean Dolores Redondo, Fernando Aramburu, Ibon Martin, Karmelo C. Iribarren eta Ramon Saizarbitoria, eta baita aurten ateak itxi dituen Lagun liburu-denda ere.
Zinemaren esparruan, Borja Cobeaga, Jaione Camborda, Hayao Miyazaki, Moriarti Produkzioak, Paco Leon, Miren Ibarguren eta Paco Sagarzazu aktoreak eta Donostiako eta Cannesko zinemaldietako zuzendariak ere daude zerrendan, Jose Luis Rebordinos eta Thierry Fremaux, hurrenez hurren.
Hautagaien artean, kirolari ugari daude, besteak beste, Mikel Oyarzabal, Takefusa Kubo, Irene Paredes, Martin Odegaard, Xabi Prieto, David Silva eta Aritz Aduriz futbolariak, Imanol Alguacil entrenatzailea eta Jokin Aperribay Realeko presidentea. Maialen Chorraut eta Iñigo Llopis ere ageri dira zerrendan, baita Gipuzkoa Basket, Donostia Arraun, Bera Bera eta Kemen taldeak ere.
Halaber, sukaldariak daude Urrezko Danborra irabazteko lehian, hala nola Ander Gonzalez, Hilario Arbelaitz, Juan Mari Arzak eta Karlos Arguiñano, eta baita kazetari ugari ere, hala nola Aimar Bretos, Ana Terradillos, Aunitz Alberdi, Begoña del Teso, Emma Garcia, Ion Aramendi eta Mikel Ayestaran.
Elkarteak eta erakundeak ere proposatu dituzte saria jasotzeko. Ancora, Itsas Salbamendu Humanitarioa-Aita Mari, Zaporeak, DYA eta CIC nanoGUNE dira horietako batzuk.
Era berean, Ainara Lopez (Ainaralo), Eloisa Patat eta Sisters and the city influencerrak ere proposatu dituzte. Azkenik, balizko hautagaien artean, hiriko alkate ohi Odon Elorza ere badago, baita Leonor printzesa ere.