ISTRIPUA
Sei pertsona zauritu dira, gutxienez bat larri, N-1ean Andoainen izandako istripu batean
EITB Media
Furgoneta batek istripua izan du 20:15 inguruan, eta errepidean iraulita gelditu da, Gasteizko noranzkoan; ondorioz, errepidea itxi behar izan dute, ia 23:00ak arte. Sei kilometrorainoko ilarak sortu dira.
Istripua izan da N-1ean Andoain parean, Gasteizko noranzkoan, eta sei pertsona zauritu dira. Horietako bat larri eraman dute erietxera.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, furgoneta batek istripua izan du 20:15 inguruan, eta gidaria larri zauritu da. Ez dute gainerako zaurituen egoeraren berri.
Ibilgailua errepidean iraulita gelditu da, trafikoa oztopatuz, eta Gasteizerako bi erreiak itxi behar izan dituzte, ia 23:00ak arte; ondorioz, auto-ilarak sortu dira. 22:00etan, sei kilometrorainoko ilarak zeuden.
Behin errepidea irekita, egoera normaltasunera itzuli da.