Itxi

TRAFIKO ISTRIPUA

Ertzaintzak atxilotu egin du Lezon bi gazte hil diren istripuan nahasitako autoetako baten gidaria

EITB Media

Leer en Castellano

Frantziako nazionalitatea duen 21 urteko gizonezko bat atxilotu dute, bide-segurtasunaren aurkako delitua eta zuhurtziagabekeria larriagatik eragindako giza hilketa leporatuta. Donostia Ospitalera eraman dute artatzera, eta epailearen esku utziko dute alta eman ondoren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bi pertsona hil eta bost zauritu dira gaur goizaldean Lezon izan den auto-istripu batean. Ertzaintzak ikerketa hasi du zer gertatu den argitzeko, eta, ordu gutxira, istripuan nahasitako autoetako baten gidaria atxilotu dute, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Atxilotua Frantziako nazionalitatea duen 21 urteko gizonezko bat da. Antza denez, istripua gertatu denean BMW autoa gidatzen ari zen pertsona da. Auto horrek aurrez aurre jo du beste bat GI-636 errepidean, Lezo parean, eta bigarrenean zihoazen 20 eta 22 urteko bi gizonezko hil dira. Gainera, bost pertsona zauritu dira ezbeharrean.

Atxilotuari bide-segurtasunaren aurkako delitua eta zuhurtziagabekeria larriagatik eragindako giza hilketa leporatu dizkiote, Ertzaintzak egindako lehen ikerketen ondorioz.

Frantziako gidari gaztea Donostia Ospitalera eraman dute artatzera, eta epailearen esku utziko dute alta eman ondoren.

Elkar jo dute 03:45ean

Ezbeharra 03:45ean izan da, GI-636 errepidean. Frantzian matrikulatutako BMW 116 autoan hiru lagun zihoazen Espainiako matrikula zuen Ford Orion bat aurrez aurre jo duenean. Lau lagun zihoazen bigarren auto horretan, eta, kolpearen ondorioz, bidaiarietako batzuk barruan harrapatuta geratu dira. Suhiltzaileek atera behar izan dituzte, eta bi bertan hil dira. Hildakoak 20 urteko Pasaiako mutil bat eta 22 urteko Lezoko beste bat dira.

Zaurituak Donostia Ospitalera eta Bidasoko Ospitalera eraman dituzte eta horietako bat, Donostiako neska gazte bat, hil ala biziko egoeran dago.

Errepidea hainbat orduz itxita egon ostean, eguerdian ireki dute. Ertzaintzak ikerketa ireki du istripuaren nondik norakoak argitzeko.

Albisteak (1)

Bideoak (1)