Kargatzen...
Itxi

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Gizarte ekimenetako ikastetxeetan "lehenbailehen" adostasuna lortzeko eskatu die Bildarratzek bi aldeei

O. A. | EITB Media

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren iritziz, Gabonetako oporrak ere baliatu beharko lirateke negoziatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Bost eguneko zubiaren ondoren, aste osoko greba deitu dute Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte ekimeneko ikastetxeetan, lan hitzarmen berria eskatzeko. Testuinguru horretan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bi aldeei dei egin die elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez adostasunak lortzeko.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu duenez, bi aldeen arteko elkarrizketak "leiala eta diskretua" izan behar du, eta formula horrekin eta negoziatzeko borondatearekin uste du "beti" posible dela adostasuna lortzea. Gabonetako oporrak datozen honetan, egun horiek ere "ahalik eta azkarren" akordio zabal bat lortzeko erabili beharko liratekeela gaineratu du.

Halaber, bost eguneko greba deialdiak ikasleengan ondorio "oso kaltegarriak" izan ditzakeela ohartarazi du Bildarratzek.

Bestalde, Bildarratzek argi utzi du patronalen eta sindikatuen artean konpondu beharko dela auzia. "Lagundu badezakegu lagundu dezakegu, baina oso esparru txikia dago guk hor parte hartu ahal izateko", gehitu du.

Azkenik, eta Hezkuntza Legeari buruz galdetuta, abenduaren 21eko osoko bilkuran onartu artea negoziatzeko denbora badago ere, ez du ikusten oposizioko alderdien artean horretarako borondaterik. Horrez gain, ez du uste porrota denik hezkuntza legea EAJren eta PSE-EEren babesarekin soilik onartzea.

Audioak (1)