Bilbon aparkatzea
Bilboko Udalak zigor espedientea zabaldu dio TAO zerbitzuaren enpresa kudeatzaileari
EITB Media
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, gauean konpondu dute telefono mugikorrarekin ordaintzeko aplikazioan izandako akatsa. Halaber, hainbat parkimetrotan izandako arazoak gaur goizean zehar bere onera ekartzea espero dute.
Udalak zigor espedientea zabaldu dio Bilboko TAO zerbitzuaren enpresa kudeatzaileari, ezarritako epeak ez betetzeagatik. Izan ere, sistema informatikoan izandako akatsak tarteko, hilabeteko atzerapenarekin sartu zen atzo indarrean.
Lehen egunean Bilboko TAO sistema berriak hainbat arazo izan zituen. Udaletik jakinarazi dutenez, gauean konpondu dute telefono mugikorrez ordaintzeko Android gailuetarako aplikazioan izandako akatsa, eta hainbat parkimetrotan izandako gorabeherak goizean zehar konpontzea espero dute.
Nora Abete Bilboko Mugikortasun zinegotziak Euskadi Irratiari eskaini dion elkarrizketan azaldu duenez, enpresa kudeatzailearen aurkako zigor espedientea abian dago: "Espedienteak fase ezberdinak ditu eta ikusiko dugu nola amaitzen den". Dena dela, ziurtatu du isun ekonomikoa egongo dela.
TAO tiketa jartzeko atzo izandako gorabeheren aurrean, Mugikortasun zinegotziak adierazi du moldaketa prozesu betean daudela eta iradoki du malgu jokatuko dutela txartela jarri ezin izan zuten horiekin.