Itxi

Gaueko ikuskizuna

Milaka lagunek azkeneko aldiz aireratu dituzte argitxoak Baionan

EITB Media

Leer en Castellano

Berez hunkigarria eta magikoa izan ohi den saioa are hunkigarriagoa izan da larunbat honetan, 2024an, segurtasun arauak aldatzearekin batera, debekatuta geldituko baita jarduera hau.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Baionako zeruan argitxoen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute milaka lagunek azkenekoz; izan ere, Pirinio Atlantikoetako prefeturaren dekretua indarrean sartzearekin batera, ikuskizun hori debekatuta geratuko da

Hala, Baionako Herriko Etxearen ingurua jendez bete da arratsean, 19:30ean, eta familian edo lagunartean gozatu dute  ikuskizunaz milaka lagunek. 

Argitxoen jaurtiketa bi larunbatetan jarraian egitea aurreikusita zegoen: iragan larunbatean, abenduaren 9an, eta honakoan. Hala ere, aurreko larunbatean, baldintza meteorologikoen eraginez eta, bereziki, haize handia zebilela-eta, bertan behera utzi zuten. Hala ere, ehunka lagunek, debekuari jaramonik egin gabe, argitxoak jaurti zituzten zerura gauean zehar, eta horrek Jean Rene Etchegaray Baionako auzapezaren haserrea eragin zuen.

Joan den astean ez bezala, larunbat honetan eguraldia aldekoa izan dute, eta, espero bezala, jendetza bildu da Baionan. Argien ikuskizunarekin bat egin du, gainera, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerak. 

Ikuskizunaren debekuaren zergatiak azaltzeko agintariek esan dutenez, argitxoak jaurtitzea arriskutsua da herritarren segurtasunerako, eta saihesten zaila den sute-arriskua dakar berarekin. Dekretua 2022koa bada ere, Baionako Udalak baimena eman du 2022an eta 2023an egiteko, araudia behin-behinekoa zelako. Hala ere, erabat debekatuta egongo da 2024tik aurrera.

Bideoak (1)