Itxi

Lanak

Larunbat gauerdian zabalduko dute atzera A-15eko Oindolarko tunela, otsailetik itxita egon dena

EITB Media

Leer en Castellano

Irekitzeko prestaketak egiteko, ordea, ezinbestekoa izango da trafikoa moztea, larunbateko 05:00etatik 24:00etara, Andoaingo Sorabillako lotunetik eta Berastegiko lotunetik, bi noranzkoetan.

Gorosmendiko tunelaren sarrera. Google Maps.

A-15 errepideko tunelen birgaitze integralak fase berri bati ekingo diote Oindolarko tunelaren irekitzearekin bat. Izan ere, larunbat honetako gauerditik aurrera, otsailetik itxita egon den tunel hori zabaldu egingo dute berriz, bi noranzkoetan, eta, beraz, errepidearen Gipuzkoako zatiko tunelen birgaitze integralaren eta hobekuntzaren planaren erdia beteta geldituko da, zortzi tuneletatik lau birgaituta. 

Datozen orduetan, Bide Azpiegituretako Departamentuak irekiera prestatzeko lanak egingo ditu, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da zirkulazioa etetea A-15 errepidearen zati horretan. Mozketa larunbateko 05:00etatik 24:00etara egingo da, Andoaingo Sorabillako lotunetik eta Berastegiko lotunetik hasita, bi noranzkoetan. Itxiera hori beharrezkoa da, halaber, obraren hasieran jarritako bypasseko euste-hesiak eta seinaleak kentzeko.

Hilabete hauetan, estalkiak eta egiturak indartu dira, eta drainatze-sistemak, isurketen eta suteen kontrolerako sistemak berritu dira, bai eta aireztapen- eta komunikazio-sistema berriak eta LED bidezko argiztapen-sistema eraginkorra instalatu ere. Horri esker, argien energia-kontsumoa % 40 murriztuko da.

Oindolarrekoarekin batera martxan jarri ziren Gorosmendiko tunelaren lanak udaberrian bukatzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ordura arte, bypassa mantenduko da. Era berean, lanek irauten duten bitartean, debekatuta egongo da 3 metro baino gehiagoko zabalera eta 4,5 metro baino gehiagoko altuera duten ibilgailuak bertatik igarotzea, bai eta salgai arriskutsuak dituzten ibilgailuak ere.