JIHADISMOA
Atxilotu bat Gipuzkoan eta beste lau Estatuan, Daeshen aurkako operazio batean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Operazioa 2021ean hasitako beste baten ondorio da, eta mundu osoko 12 inteligentzia-zerbitzuk hartu dute parte bertan.
Espainiako Poliziak bost pertsona atxilotu ditu Estatuan, horietako bat Gipuzkoan, Estatu Islamikoari laguntzea egotzita. Europan, Afrikan eta Asian talde jihadistari laguntza ematen dion sare bateko kideak izango lirateke atxilotuak.
Valentzian atxilotu dituzte bi pertsona, bana Gipuzkoan, Alacanten eta Caceresen, eta bost lagunetatik bi espetxeratu dituzte.
2021ean hasitako terrorismoaren aurkako operazioan, 12 herrialdetako inteligentzia eta segurtasun zerbitzuek hartu dute parte: Marokoko Lurraldeko Segurtasun Zuzendaritza Nagusia (DGST), Aljeriako Barne Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusia (DGSI), Mauritaniako Segurtasun Nazionaleko Zuzendaritza Nagusia (DGSN), AEBko Ikerketa Bulego Federala (FBI), Suitzako Poliziaren Bulego Federala (Fedpol) eta Poliziaren Europako Bulegoa (Europol), besteak beste.
Lehen operazioan, bi pertsona atxilotu zituzten 2022ko martxoan, bata Espainian eta bestea Suitzan, Frantzian atentatu bat prestatzea egotzita. Operazioaren lehen fasean, beste sei atxiloketa egin ziren Europan eta Magreben, eta guztira zortzi atxilotu izan ziren. Espainian atxilotutako gizonari bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten terrorismo delituak egotzita, eta 2023. urtearen erdialdean utzi zuten aske.
Poliziaren analistek ikusi zutenez, lehen bi atxilotuak Daeshi laguntzeko nazioarteko sare bateko kide ziren, eta, hori jakinda, makrooperazio bat hasi zuten Europako, Ekialde Hurbileko eta Magrebeko hamabi herrialdetako segurtasun eta inteligentzia zerbitzuekin batera.
Sareko kide batzuk jendea jihadismoan adoktrinatzen saiatzen omen ziren, eta atentatuak egiteko nahia agertuz gero, babesa ematen zieten. Ikerketaren arabera, sare horrek gutxienez bi atentatu planifikatzen lagundu zuen.
Gainera, diru kopuru handiak mugitzen zituzten nazioarteko bidalketen eta kriptodiruaren bidez. Miaketetan, ia 200.000 euroko kriptotxanponak konfiskatu dituzte, Poliziak jakitera eman duenez.
Operazioaren amaiera bizkortu egin zuten, kideetako bat laster atentatu bat egiteko prest zegoela ikusi zutenean.