Eliza katolikoa
Bikote homosexualak bedeinkatzea onartu du Vatikanoak, baina ezkontzarekin parekatu gabe
Agentziak | EITB Media
Erabaki horrek Frantzisko aita santuaren borondateari jarraitzen dio, eta Kongregazioak 2021eko martxoan argitaratu zuenarekiko jarrera aldaketa dakar. Orduan esan zuen Eliza katolikoak ezin ziela bedeinkaziorik eman sexu bereko pertsonen batasunei.
Vatikanoak "egoera irregularrean" edo sexu bereko bikoteak "bedeinkatzeko" aukera onartu du, baina ezkontzarekin parekatu gabe, Fedearen Doktrinarako Kongregazioak gaur argitaratutako dokumentu baten arabera.
Testuan, Victor Manuel Fernandez kardinal argentinarrak jakinarazi du "egoera irregularretan dauden bikoteak eta sexu bereko bikoteak bedeinkatzeko aukera uler daitekeela, euren estatusa ofizialki baliozkotu gabe eta Elizaren Ezkontzari buruzko irakaskuntza inola ere aldatu gabe".
Erabaki horrek Frantzisko aita santuaren borondateari jarraitzen dio, eta Kongregazioak 2021eko martxoan argitaratu zuenarekiko jarrera aldaketa dakar. Garai hartan Kongregazioa Luis Ladaria Ferrer espainiarrak zuzentzen zuen. Orduan adierazi zuen Eliza katolikoak ezin ziela bedeinkaziorik eman sexu bereko pertsonen batasunei.
Hala eta guztiz ere, bikote horien bedeinkazioa zabaldu arren, Vatikanoak "onartezintzat" jotzen du "ezkontza denaren artean nahasmena sor dezakeen edozein erritu edo otoitz", hala nola klero alemaniarrak egiten dituenak, "bedeinkapen ekintzak" eskaintzen baititu, nahiz eta Egoitza Santuaren desadostasuna izan.
"Ez da erritual bat sustatu edo aurreikusi behar egoera irregularrean dauden bikoteen bedeinkapenetarako, baina ez da eragotzi edo debekatu behar Eliza Jaungoikoaren laguntza bedeinkapen soil baten bidez eskatzen den egoera bakoitzetik hurbil egotea", dio Fedearen Doktrinak bere adierazpenean.