Sexu-abusuak
70eko hamarkadan Bilboko Escolapios ikastetxean jasandako sexu-abusuak salatu dituzte bi ikasle ohik
EITB Media
Erasoak 70eko hamarkadan gertatu ziren eta bi ikasle ohiek gizon bera seinalatu dute, irakasle lanetan zebilen erlijioso bat. Biktimen Arretarako Batzordeak biktima gehiago egon daitezkeela uste du.
Bilboko Escolapios ikastetxean sexu-abusuak salatu dituzte bi ikasle ohik, EITB Mediak jakin ahal izan duenez. Erasoak 70eko hamarkadan gertatu ziren eta bi ikasle ohiek gizon bera seinalatu dute, irakasle lanetan zebilen erlijioso bat, Damaso Ciordia hain zuzen ere.
Jesus Elizarik, Escuela Pías Emaus-eko probintzialak eta kongregazioak sortutako Biktimen Arretarako Batzordeko bozeramaileak, ETBri ziurtatu dionez, hainbat hilabetez aritu dira ikertzen eta salatutako gertaerak baieztatu egin dituzte. Halaber, barkamena eskatu die biktimei, esanez "pertsona ausartak" direla eta "guztion onerako" ahalegindu direla, "jasan duten guztiaren ondoren".
ETBk jakin ahal izan du abusu horiek ikastetxe barruan eta kanpoan gertatu zirela.
Horrez gainera, batzordeak ez du baztertzen Ciordiaren biktima gehiago egotea; izan ere, Bilbon irakasle eta ikasketa-buru gisa aritu ondoren, Gasteizko ikastetxer aldatu zuten eta ordenako beste ikastetxe batzuetan ere lan egin zuen. Hori dela eta, Batzordeak bere ondorioak jakinarazi dizkio Gasteizko ikastetxeari, ikerketarekin jarraitu ahal izateko.
Halaber, joan den astelehenean, zirkular bat bidali zieten Bilboko ikastetxeko senide eta ikasle ohiei, "orain arte dakigunaren berri emateko" eta "beste biktima posible batzuei, egonez gero, salaketa jartzera gonbidatzeko".
Damaso Ciordia nafarra zen eta iaz hil zen Iruñean, 97 urte zituela. Elizarik azaldu duenez, Batzordeak ez du beste irakasle batzuen abusuen zantzurik, ezta salaketarik ere.
Damaso Ciordia irakasle nafarra. Irudia: EITB