Gabonak
Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea, Olentzerok eta Mari Domingik kaleak noiz hartu zain
EITB Media
Bilbok Baionari hartuko dio lekukoa larunbatean, hilaren 23an (Lapurdiko hiriburuan abenduaren 16an egin zuten), 18:00etan. Biharamunean, hilaren 24an, izango dira Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko kalejirak, denak 18:00etan.
Egunotan, galtzak bete lan dute Olentzerok eta Mari Domingik, abenduaren 24ko gau magikoan Euskal Herriko etxe guztietan opariak banatzeko. Dena dela, asteburuan geldialdi txiki bat egingo dute hiriburu eta herrietako kalejiretan parte hartzeko. Honako hauek dira Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean aurreikusita dauden desfileen nondik norakoak:
BILBO
Noiz: Abenduak 23, larunbatarekin, 18:00etan
Ibilbidea: Kalejira Moyua plazatik abiatuko da, trafikoak ezarrita duen noranzkoaren kontrako norabidean. Handik, Kale Nagusira joango da. Arriaga Plazan bukatuko da.
Antolatutako ekitaldiak:
Olentzeroren eta Mari Domingiren agurra, Carlton hoteleko balkoitik (18:00etan)
Ikuskizuna Olentzeroren eta Mari Domingiren musikarien bandarekin, Arriaga Antzokia (19:00etan)
Olentzeroren eta Mari Domingiren agurra, Arriaga Antzokiko balkoitik (19:20ean).
Umeen harrera igandean egingo dute, hilaren 24an, Arriaga Antzokian (11:00-14:00, sarrerak aldez aurretik hartu behar dira Bilbao Kultura webgunean). Talo eta makilaje artistikoko tailerrak daude antolatuta, baita erromeria ere, EINGO taldearekin. 12:30ean, Eidaberen "Gora Bihotzak" haurrentzako antzerki-ikuskizuna izango da ikusgai.
DONOSTIA
Noiz: Abenduaren 24an, igandearekin, 18:00etan
Ibilbidea: Kalejira Ijentea kalean (Udaletxearen atzeko partea) hasiko da. Ondoren, Hernani kalea hartuko du, Avenida helburu. Segizioak Loiola, San Martzial eta Getaria kaleetatik jarraituko du. Txurruka kalean bukatuko da desfilea.
Antolatutako ekitaldiak:
Tradizioari jarraiki, goizeko 11:45ean Udaletxeko terrazara aterako dira Olentzero eta Mari Domingi, donostiar guztiak agurtzera eta, jarraian, hiriko hainbat auzo bisitatuko dituzte ibilgailu klasiko batean. 6 urtertik gorako donostiar guztiei ibilbidea bizikletan egiteko gonbitea egin diete.
Arratsaldean, 15:30etik aurrera umeen gutunak jasoko dituzte Udaletxeko Pleno Aretoan. Bertan egongo dira 17:30ak arte. Alderdi Ederreko terrazako sarbidean egingo da ilara eta, 17:10ean itxi egingo da ilara hori.
18:00etan desfile tradizionala hasiko da, eta aurten pertsonaia mitologikoek hartuko dute parte, besteak beste, lamiek, Marik, Tartalok, Otxokok eta Sorginak. Guztira 510 lagunek desfilatuko dute eta 1.000 kg gozoki baino gehiago jaurtiko dituzte, zeliakoentzat egokiak
Bi pertsonaiak, Donostiako Udalaren artxiboko argazki batean.
GASTEIZ
Noiz: Abenduaren 24an, igandearekin, 18:00etan
Ibilbidea: Desfilea (400 bat lagun eta hiru karroza) Iparralde Gizarte Etxetik abiatuko da, honako bidea eginda: Legutianoko atea, Frantzia, Bake, Olagibel eta Mateo Moraza kaleak. Andre Maria Zuriaren plazan bukatuko da.
Antolatutako ekitaldiak:
Goizean, 10:00etatik 15:00etara, Olentzerok eta Mari Domingik harrera egingo diete haurrei, Udaletxeko Harrera aretoan.
Desfilearen hasiera (18:00etan)
Kalejiraren amaiera (19:00etan), Olentzero eta Mari Domingik bertan elkartutako lagunak agurtuko dituzte. Gainera, gaztain erreak banatuko dira.
Aurreko harrera bat. Argazkia: Radio Vitoria.
IRUÑEA
Noiz: Abenduaren 24an, igandearekin, 18:00etan
Ibilbidea: Kalejirak Iturralde y Suit kalea (Iruñeko Arte Eskola) izango du abiapuntu. Handik, Gonzalez Tablas kalera joango dira, Zabalgunea zeharkatuta, eta honako puntuak igarota: Paulino Caballero, Nafarroako Gorteen Kalea, Karlos III. Noblearen etorbidea, Gazteluko plaza, Txapitela kalea, Calceteros kalea, Udaletxe plaza Mercaderes, Estafeta eta Amaia kaleak. Iruñeko Alde Zaharretik Zabalgunera itzuliko da desfilea.
Antolatutako ekitaldiak:
Ostiralean, 17:00etan, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean ingresatuta dauden haurrei bisita egingo diete Olentzerok eta Mari Domingik.
Igande goizean (abenduak 24), Olentzero Iruñeko Udaletxeko balkoira aterako da bertaratutakoei Gabon zoriontsuak opatzeko. 13:00etan.
Aurtengo desfileak karrika dantzak berreskuratuko ditu, eta horiek izango dira kalejiraren buru, 18:00etan hasita.
Segizioa Iruñeko Udaletxe plazara helduko da, eta Cristina Ibarrola alkateak harrera egingo dio, 19:20an.