EGURALDIAREN IRAGARPENA
Giro eguzkitsua eta lehorra, Gabon eta Eguberri egunetan
O. A. | EITB Media
Igandean izotza egingo du eta zerua ia oskarbi geldituko da. Tenperatura maximoak koska bat igoko dira eta maximoak 11 eta 14 graduren arten kokatuko dira. Astelehenerako ez da aldaketa handirik espero.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Gabon egunean eta Eguberri egunean urteko sasoi honetarako tenperatura epelak eta giro lehorra izango dira. Gauzak horrela, Olentzerok eta Mari Domingik ez dute aterkirik beharko, ez baita prezipitaziorik izango.
Igandean, Gabon egunean, antizikloia hurbildu ahala, giro eguzkitsua nagusituko da. Egunsentian izotza egingo du Araban eta Nafarroa hegoaldean. Goizean jaso egingo du, zerua ia oskarbi gelditu arte. Gauean, berriro hoztuko du eta barnealdeko txoko askotan izotza egingo du. Tenperatura maximoak pixka bat igo egingo dira: kostaldean 12-14 ºC artekoak izango dira eta barnealdean 9-11 ºC artekoak.
Astelehenean, Eguberri egunean, bezperakoaren antzeko eguraldia espero da, aldaketa askorik gabe. Zeruan eguzkia jaun eta jabe izango da eta tenperaturak bere horretan mantenduko dira. Kostaldean tenperatura maximoak 14 graduren bueltan kokatuko dira, eta barnealdean, 12 graduren inguruan.