EGURALDIAREN IRAGARPENA
Abisu horia ezarri dute astelehenerako eta astearterako hotzagatik eta izotzagatik
EITB Media
Zeru urdinak giroa epelduko du eguerdian, baina tenperaturak nabarmen egingo du behera gauean, eta izotza egingo du barnealdean.
Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du astelehenerako eta astearterako, tenperatura minimoengatik eta izotzagatik, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Astelehenean eta asteartean, abisu horia gauerditik 10:00etara egongo da indarrean, barnealdean izotza egingo duelako, Araban gehien. Gainera, izotzarekin batera behe-lainoa egotea espero da.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Gabon egunean eta Eguberri egunean tenperatura epelak eta giro lehorra izango dira. Gauzak horrela, Olentzerok eta Mari Domingik ez dute aterkirik beharko, ez baita prezipitaziorik izango.
Igandean, Gabon egunean, antizikloia hurbildu ahala, giro eguzkitsua nagusituko da. Egunsentian, izotza egingo du Araban eta Nafarroa hegoaldean. Goizean, jaso egingo du, zerua ia oskarbi gelditu arte. Gauean, berriro hoztuko du, eta izotza egingo du barnealdeko txoko askotan. Tenperatura maximoak pixka bat igoko dira: 12-14 ºC-koak izango dira kostaldean, eta 9-11 ºC-koak barnealdean.
Astelehenean, Eguberri egunean, bezperako eguraldiaren antzekoa espero da, aldaketa askorik gabe. Eguzkia jaun eta jabe izango da zeruan, eta tenperaturak bere horretan mantenduko dira. Tenperatura maximoak 14 graduren bueltan kokatuko dira kostaldean, eta 12 graduren inguruan barnealdean.