Etxebizitza babestuak
Arartekoak Jaurlaritzari eskatu dio zaintza partekatua duten pertsonek Etxebiden izena eman ahal izatea
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bere bi alabak zaintza partekatuan dituen herritar baten kexaren harira dator Lezertuaren eskaera. Hain zuzen ere, emakume horrek Arartekoarengana jo zuen, Etxebidek bere erregistrotik "kanporatu" zuelako, eta erabaki horrekin ados ez zegoelako.
Manu Lezertua Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari galdegin dio neurriak har ditzala bananduta edo dibortziatuta dauden eta zaintza partekatua duten pertsonek Etxebideren erregistroan izena eman ahal izateko.
Bere bi alabak zaintza partekatuan dituen herritar baten kexaren harira dator Lezertuaren eskaera. Hain zuzen ere, emakume horrek Arartekoarengana jo zuen, Etxebidek bere erregistrotik "kanporatu" zuelako, eta erabaki horrekin ados ez zegoelako.
Azaldu zuenez, 2015eko uztailetik bi gurasoek dute alaben zaintza eta jagoletza partekatua, eta judizialki berretsitako hitzarmen arautzailean adostutako erregimena "bizitoki" sistema izan zen; hau da, erabaki zuten alabak familiaren etxebizitzan modu iraunkorrean bizitzea, eta gurasoak izatea astero etxea erabiltzeko txandakatzen direnak.
Dirudienez, emakumeak 2019an eman zuen izena babes ofizialeko etxebizitzen erregistroan, baina inoiz ez zioten etxebizitzarik esleitu.
Merkatu librean "arrazoizko prezioko etxebizitzarik ez dagoenez", 2022ko urrian bere udalerrian erregimen orokorreko babes publikoko etxebizitzak esleitzeko prozedura batean parte hartzea eskatu zuen. Horretarako, interesdunen erregistro espezifiko bat sortu zen udal ordenantzaren bidez, baina Alkatetzaren dekretu bidez erabaki zuten haien parte-hartzea baztertzea.
Bien bitartean, erreklamatzaileak egiaztatu zuen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren jakinarazpen elektroniko bat jaso zuela, zeinaren bidez jakinarazi zioten etxebizitza eskatzaile gisa zuen inskripzioari baja ematea ebatzi zuela Bizkaiko lurralde ordezkariak. Argudioa zen "egiaztatu zutela ondasun higiezin baten titularkidea zela eta, horregatik, ez zela behar bezala egiaztatu etxebizitza baten beharra zuenik", azaldu du Arartekoak.
2023ko urtarrilean, erreklamatzaileak gorako errekurtsoa jarri zion Etxebizitza sailburuordeari, eta berriro azaldu zuen bere egoera. Hala, berretsi zuen dibortziatuta zegoela, eta hitzartutako araubide juridikoa zaintza eta jagoletza partekatua zela.
Arartekoak adierazi duenez, familia etxebizitzaren erabilera txandaka esleitzeak (alaben zaintza aldiekin bat datorrenean) esan nahi du, gutxienez urtean sei hilabetez, erreklamatzailearen bikotekide ohiak judizialki esleituta duela familiaren bizileku gisa babestutako etxebizitza, eta, beraz, "epe horretan etxebizitza-premia egiaztatzeari buruzko eskakizunak betetzen ditu".