Itxi

Zaintzaileentzako telefonoa

Zaintelek 946 kontsulta jaso ditu martxan jarri zenetik

EITB Media

Leer en Castellano

Euskadiko senide zaintzaileentzako arreta eta laguntza telefonoa 2022ko uztailean jarri zen martxan.

Senide zaintzaileei bideratutako zerbitzua da. Artxiboko argazkia: EITB Media

Zaintel Euskadiko senide zaintzaileentzako arreta eta laguntzarako telefonoak bere datuak argitaratu ditu asteazken honetan, 2022ko uztailean martxan jarri zenetik. Guztira, 946 kontsultari eman zaie arreta.

Zerbitzu horrek pertsona zaintzaileen eta mendekotasun egoeran edo desgaitasun egoeran dauden senideen bizi kalitatea hobetzea du helburu, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen 2022an, Euskadiko zaintzaile ez profesionalei laguntzeko estrategia soziosanitarioaren barruan.

Martxan jarri zenetik, 946 kontsultari erantzun zaie guztira; gehienak telefonoz, 811 deiri erantzun baitzaie. Halaber, 94 kontsulta egin dira WhatsApp bidez eta 41 kontsulta email bidez.

Nolakoak izan dira Zainteli egindako kontsultak? Argazkia: EITB Media

Horietatik 586 emakumeek egin zituzten -familiako zaintzaileen profilarekin bat etorrita-, % 72,25, eta gainerako 195ak, berriz, gizonek, % 24,04 alegia. Gainera, Zaintelek erakunde profesionalen 30 dei jaso zituen.

Nork egin zituen Zaintelen kontsultak? Argazkia: EITB Media

Lurraldeka, dei gehienak Gipuzkoatik egin ziren (% 45,13), gero Bizkaitik (% 40,10) eta azkenik Arabatik (% 14,77).

Nondik egin zituzten Zaintelen kontsultak? Argazkia: EITB Media

900 100 356 telefono zenbakiaren, zaintel@euskadi.eus helbide elektronikoaren eta 619 419 628 WhatsApp zenbakiaren bidez eskura daiteke zerbitzua.