Itxi

Arnas aparatuko infekzioak

Gripearen eta covid-19aren kasuek gorantz egiten jarraitzen dute

EITB Media

Leer en Castellano

EAEko eta Nafarroako zaintza epidemiologikoari buruzko datuek erakusten dute kasu kopuruak gora egiten jarraitzen duela. Osasun-erakundeek higiene-neurriak hartzea eta musukoa erabiltzea gomendatzen dute.

Osasun zerbitzuetako langileak.

Gripe eta Covid-19 kasuek gora egiten jarraitzen dute gure inguruan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera. Erakundeek higiene-neurriak hartzea eta musukoa erabiltzea gomendatzen dute.

Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan argitaratu ditu arnas infekzioen zaintzarako azken txostenaren datuak, abenduaren 25etik 31rako asteari dagozkionak. Gripearen eta Covid-19aren birusek zabaltzen jarraitzen dutela baieztatzen da bertan. Bestetik, bronkiolitisaren eta arnas birus sinzitialaren (VRS) diagnostikoak jaitsi egin dira.

EAEko Informazio Mikrobiologikoko Sisteman 935 gripe kasu, 465 COVID-19 kasu eta 197 Arnas Birus Sinzitial (VRS) erregistratu dira.

Adin-taldeen arabera, tasarik altuena 0-4 urte bitartekoen taldean erregistratu da (1852,0 kasu 100.000 biztanleko). Bigarren postuan 5-14 urte bitartekoen taldea dago (624,9 kasu 100.000 biztanleko). Datu horiek behera egin dute aurreko astearekin alderatuta adin-talde guztietan, 64 urtetik gorakoen taldean izan ezik.

Arnas infekzio larriek, ospitaleratu behar direnek, gora egin dute aurreko astearekin alderatuta, eta 29,5 kasu izan dira 100.000 biztanleko. 64 urtetik gorako pertsonak dira kaltetuenak.

Nafarroara begira jarrita, argitaratutako azken datuak abenduaren 18tik 24ra bitarteko astekoak dira. Infekzioen tasa 1038 kasukoa da 100.000 biztanleko; horietatik, 100.000 biztanleko 101 gripe-sindromeari zegokion, eta 100.000 biztanleko 72 Covid-19ari.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Carlos Egea pneumologoak azaldu duenez, gripea gehiago zabaldu da aurten. Bere hitzetan, "maila altuan dago eta iazkoa gainditzen ari da".

Gomendioak

Urteko sasoi honetan ohikoa da arnas-infekzioak zabaltzea, hotz handiagoa egiten duelako eta kontaktu sozialak leku itxietan izaten direlako. Beraz, osasunaz arduratzen diren erakundeek arnas sintomak izanez gero higiene-neurriak hartzea eta maskara erabiltzea gomendatzen dute.

Kutsatzeko arriskuaren aurrean, adituek iradokitzen dute leku jendetsuetan urruntze fisikoa mantentzea, eskuak gehiagotan garbitzea, eztula edo doministikua egitean ahoa eta sudurra estaltzea eta espazio itxiak aireztatzea.

Triaje berria Nafarroan

Kasuen igoera esponentziala ikusita, Nafarroako Osasun Zerbitzuak triaje-sistema berri bat probatzea erabaki du Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdietan, arnas sintoma arinak dituzten 18 eta 40 urte bitarteko pazienteen arreta arintzeko helburuz.

Horrela, ospitale honetara beren kabuz iristen diren 18 eta 40 urte bitarteko pazienteak Ospitalez Kanpoko Larrialdietako Zentroetara (SUE San Martin eta Buztintxuri) bideratuko dituzte, baldin eta arnasketa-sintoma arinak badituzte, arrisku-faktorerik eta alarma-daturik ez badute eta triajean lehentasun handia ematen ez badiete.