SEGURTASUNA
Elurra kentzeko 200 makina baino gehiago prest daude jada euskal errepideetan, negurako
EITB MEDIA
Zaintza-lanetan laguntzeko 130 ibilgailuk eta ibilgailu astunak mugitzeko zazpi garabik osatzen dute 2023-2024ko Neguko Bidezaintza Plana.
Elurra kentzeko 206 makinak, zaintza-lanetan laguntzeko 130 ibilgailuk eta tona askoko ibilgailuak mugitzeko 7 garabik osatzen dute Eusko Jaurlaritzak koordinatuko duen 2023-2024ko Neguko Bidezaintza Plana. Neguarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errepideetan aktibatuko da, egoerak hala eskatzen duenean. Iaz, lau aldiz aktibatu zen plana.
Aurten, planak 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun izatea aurreikusten du. Zehazki, iragarpen meteorologikoen eta meteorologiak EAEko errepideetan duen eraginaren arabera baliabideak mobilizatzen dituzten erakundeak eta autobideen emakidadunak koordinatzeko plan bat da.
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera, "NBPren jarraipen- eta informazio-fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora iristen denean eta prezipitazio-kopuruak horrela egitea aholkatzen duenean".
"Garrantzitsuena da prezipitazioak trafikoan duen eragina aztertzea eta, ondorioz, neurririk egokienak hartzea baldintza meteorologiko txarretan bide-segurtasuna bermatzeko", gaineratu du Olabarrik.
Aholkuak
Baldintza meteorologikoak txarrak direnean, abiadura moteldu eta aurrean doazen ibilgailuekiko tarte handiagoa utzi behar da, zoru bustian distantzia handiagoa behar baita ibilgailua gelditzeko.
Funtsezkoa da pneumatikoak egoera onean egotea, pneumatiko higatuek ez baitute ura behar bezala husten, eta, ondorioz, istripua eragin baitezakete. Neguko pneumatikoak jartzea gomendatzen da, zoruan ura, izotz beltza, izotza eta elurra dagoenean trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzeko diseinatuta baitaude.
Neguko pneumatikoak jartzen ez badira, bidean elurra dagoenean behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea zirkulatu ahal izateko.
Hotz handia egiten duen egunetan, kontuz izotzarekin, ABS edo lau gurpiletako trakzioa izateak ez baitu irristatzeko arriskua ezabatzen. Ezinbestekoa da, beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea.
Beira-garbigailuak dira zaindu beharreko beste elementuetako bat: baldintza onetan eduki behar dira beti, euria edo elurra ari duenean errepidea ongi ikusi ahal izateko.
Era berean, funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokeatu ez daitezen eta ibilgailuaren kontrola gal ez dezagun. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.
Azkenik, elurretan autoa oso poliki abiarazi behar da. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar gutxiago emateko.