Osakidetza
184 ohe gehiago jarri dituzte EAEko ospitaleetan, arnas birusak jotako pazienteen kopuruak gora egin duelako
EITB Media
Bizkaiko osasun-zentroetan, 120 ohe gehiago prestatu dituzte; Arabakoetan, 40, eta Gipuzkoakoetan, 24; zehazki, Bidasoa Ospitalean.
Osakidetzak 184 ohe gehiago prestatu ditu ospitaleetan, arnas birusak jotako pazienteak ugaritu egin direlako, batez ere gripeagatik eta covid-19agatik.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, Bizkaiko osasun-zentroetan, 120 ohe gehiago jarri dituzte; Arabakoetan, 40, eta Gipuzkoakoetan, 24, Bidasoa Ospitalean, hain zuzen ere.
Eskari handia dela eta, Osakidetzak bere gaitasuna handitu behar izan du larrialdietan eta ospitaleetan, solairu osagarriak irekiz eta ohe horiek egokituz.
Sailak berretsi du osasun-sistema prest dagoela egungoa baino igoera handiagoak jasateko, eta ziurtatu du herritarren arreta-beharrei "une oro" erantzuten ari zaiela.
Gogorarazi duenez, "ohikoa" da Gabonetan tenperaturarik hotzenak izatea eta ingurune itxietan topaketa sozialak ugaritzea, eta, ondorioz, arnas infekzioen intzidentzia handitzea.
Ospitaleratzeko beharra duten paziente gehienak arnas infekzioak jotako patologia kronikoak eta kalteberak dituzten adinekoak dira.
Emandako datuen arabera, Bizkaiko ospitaleetan, Basurtukoak 40 ohe gehiago prestatu ditu (normalean 625 ohe izaten ditu), Galdakaokoak 28 (411 izan ohi ditu), Gurutzetakoak 20 (normalean 814 izaten ditu), Urdulizkoak 22 (146 izan ohi ditu) eta Santa Marinak 10 (190 ditu normalean).
Araban, Santiago Ospitaleak 30 ohe gehitu ditu, eta Txagorritxun Larrialdietako Behaketarako 10 box ere ireki dira, ospitaleratu aurretik zaintzapean izateko. Horrenbestez, 40 ohe horiek Arabako Unibertsitate Ospitaleak izan ohi dituen 760 oheei gehitu behar zaizkie.
Gipuzkoan, Bidasoa Ospitalean bakarrik jarri dira ohe gehiago (24), eta horiei normalean izan ohi dituen 86 oheak erantsi behar zaizkie.
Gipuzkoako gainerako osasun zentroetan oraingoz ez dute kontingentzia-planik abiatu behar izan; behar izanez gero, 35 ohe gehiago prestatuko dituzte Donostia Ospitalean, 12 Zumarragakoan, 8 Mendarokoan eta 20 Eibarkoan.