DESAGERTUTAKO PERTSONAK
Borja Lazaro argazkilari gasteiztarra gogoratu dute, haren desagerpenaren 10. urteurrenean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Haren senideek jakitera eman dutenez, argazkilari gasteiztarra hiltzat jotzeko izapideak hasiko dituzte, eta, horrela, administrazio-gai batzuk ebatzi ahalko dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Borja Lazaro argazkilari gasteiztarraren omenezko ekitaldia egin dute igande honetan Gasteizko Urrezko Zeledonen plazan. Duela hamar urte desagertu zen, Kolonbian. Orduz geroztik, ez da ezer jakin inguru hartan argazki erreportaje bat egiten ari zen gazteaz.
Haren senideek jakitera eman dutenez, argazkilari gasteiztarra hiltzat jotzeko izapideak hasiko dituzte, eta, horrela, administrazio-gai batzuk ebatzi ahal izango dituzte. "Ez dugu ikerketa ixteko asmoz egiten, ezta gutxiagorik ere", azpimarratu du haren anaia Sergio Lazarok.
"Itxaropena gainbehera doa, baina zer gertatu zen jakin nahi dugu, horregatik antolatu dugu elkarretaratzea", esan du desagertuaren anaiak. Ildo horretatik, ikerketarekin jarraitzeko eskatu die agintariei, eta urte hauetan Borja Lazarori buruzko datu berririk ez dutela jaso deitoratu du.
Lazaroren senideak eta lagunak izan dira ekitaldian, baita Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere; Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Rodrigo Gartzia Azurmendi Segurtasun sailburuordea eta Hugo Prieto Ertzaintzaren ordezkaria Desagertuen Espainiako Zentroan, tartean. Elkarrateratzea 12:30ean hasi da.
"Zure zain gaude, Borja" lelopean, haren ama Ana Herrero, anaia eta beste senide eta lagun batzuk izan dira elkarretaratzean, Eusko Jaurlaritzako, Gasteizko Udaleko eta Arabako Aldundiko ordezkariekin batera.
"10 urte dira Borja Lazaro Kolonbian desagertu zela. Ordutik, haren familiak ez du itxaropena galdu, eta egun hartan zer gertatu zen jakin nahi du. Gaur, urtero bezala, babesa adierazi diegu berriro", nabarmendu du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak.
Maider Etxebarria Gasteizko alkatea ere bertan izan da, udalbatzako beste kide batzuekin batera. "Gaur 10 urte bete dira Borja Lazaro Kolonbian desagertu zela. Bizirik agertzeko itxaropenari eusten diogu", azpimarratu du Beatriz Artolazabal alkateordeak.
Borja Lazaro, argazkilaritza gustuko zuen 34 urteko ingeniari informatiko gasteiztarra, 2014ko urtarrilaren 7ko gauean ikusi zuten azken aldiz, La Guajirako (Kolonbia) El Cabo de la Vela kostaldeko ostatu batean.
Haren senideek eta lagunek zer gertatu zen jakiteko itxaropena dute. Desagertu aurretik, edari batzuk hartu zituen turista talde baten ondoan.
Berarekin zeramatzan gauzak (argazki-kamera eta pasaportea, besteak beste) ostatu hartuta zegoen establezimenduan aurkitu zituzten.
Kolonbiako Poliziak hainbat hipotesi aztertu ditu urte hauetan, baina batek ere ez du jarraipenik izan, eta oraindik ez dakite zer gertatu zitzaion Lazarori.
Bestalde, Hugo Carlos Prieto Ertzaintzako komisarioak azaldu duenez, nazioartean hasitako lankidetzarako bideak irekita daude oraindik, eta Kolonbiako Poliziarekin harremanetan daudela baieztatu du.
Ekitaldia txalo artean amaitu da, desagertutako argazkilariaren amaren esker oneko hitzekin.