Itxi

Hezkuntza

0-3 zikloa doakoa izango da Nafarroako eskola publikoetan datorren ikasturtetik aurrera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Orain arte, errenta tarte baxuenetan kokatzen ziren familientzat soilik zen doakoa 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako hezkuntza publikoa. Aldaketak, gutxienez, 3.330 familiari eragingo die.

Irakasle bat arbelean idazten. Argazkia: EFE

Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0 urtetik 3 urtera doana) doakoa izango da 2024-2025 ikasturtetik aurrera Nafarroako ikastetxe publiko guztietan, bai Foru Gobernuak kudeatutako zentroetan, baita harekin akordioak dituzten tokiko erakundeen menpe daudenetan ere.

Horrekin, asmo dute 0 eta 3 urte bitarteko haurren hezkuntza guztiz doakoa izatea. Hain zuzen ere, horixe adostu zuten PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok prentsaurrekoan azaldu duenez.

Orain arte, ziklo horretan, errenta tarte baxuenetan kokatzen ziren familientzat soilik zen doakoa hezkuntza. Gobernuak, baina, 3,8 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta 3.330 familia berriri eragingo die doakotasunak datorren ikasturtetik. 

Gimeno pozik agertu da "egiturazko aurrerapauso" horrekin. Agerraldian gogora ekarri du 5.500 plaza daudela etapa horretako umeentzat Nafarroan, eta helburu dutela (Europako funtsei esker) beste 1.173 plaza eskaintzea. Horrekin lotuta, Hezkuntza zuzendari nagusi Gil Sevillanok adierazi du ez dutela arazorik edukiko hitzartutako konpromisoa betetzeko.