UR-ERRESERBA
Uribarriko urtegiak bere edukieraren % 78 gainditu du jada eta duela urtebete baino % 20 ur gehiago dauka
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Azken asteetan izandako euriteek urtegiaren egoera hobetu dute, duela hilabete baino 14 puntu gorago baitago.
Arabako Uribarriko urtegia, Bilbo eta Gasteiz urez hornitzen dituen urtegi nagusia, edukiera osoaren % 78,5ean dago, duela hilabete zuen egoera baino 14 puntu gorago.
Azken asteetan izandako euriteek nabarmen hobetu dute urtegi horren egoera; izan ere, duela urtebete baino % 20 ur gehiago dauka, eta azken bost urteetako batez bestekoa baino % 2,1 gehiago.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren datuen arabera, Ullibarrik 115 hektometro kubiko ditu, eta duela hilabete 93,5 zituen.
Bestalde, Urrunagakoa, Uribarriren edukieraren erdia baino gutxiagokoa, guztizko edukieraren % 75,5ean dago, 54,3 hektometro kubiko atxikita.
Burgosko Ordunte urtegiak Bilbo zuzenean hornitzen du, baina Arabakoak baino askoz txikiagoa da. 20 hektometro ditu eta edukieraren % 90,9an dago. Duela urtebete % 36,6an zegoen.
Gipuzkoan, Añarbekoak Donostia eta inguruko hainbat udalerri hartzen ditu urez; 30 hektometro ditu, eta edukieraren % 78,9an dago.